Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Dena prest Bardoen finalerako

2016/03/18
Larunbatean jokatuko da Etxarri Aranatzen Bardoen hirugarren edizioko finala. Saioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da herriko frontoian eta hiru dira oholtzara igoko diren taldeak: Iruñeko “Obario Maldikoak”, Berako “Larungo antenak” eta Leitzako “Atekaberts”. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai, baina ondorengo afarirako txartelak agortuta daude.

Sailkapena lortu duten hiru taldetan banatuta, hamar dira Etxarriko frontoiko oholtzara igoko diren bertsolariak: Saioa Alkaiza, Aimar Karrika eta Irati Majuelo Iruñeko Obario Maldikoak taldean; Ander Fuentes “Itturri”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”, Leitzako Atekaberts taldean eta Julen Zelaieta, Aitor Elexpuru, Patxi Castillo, Berako Larungo antenak taldean.

Ohiko txapelketetan ez bezala, ez da epaile talde bat finalisten lana epaitzen. Horren ordez, Bardoetan parte hartu duten gainerako taldeetako kideek zein entzuleen botoek erabakiko dute zein talde den Bardoen hirugarren edizio honen irabazlea.

Finalistak

Finalean ere ariketa bereziak izango dituzte bertsolariek. Taldekideen artean banatuta honako lana egin beharko dute hiru talde finalistek,:

Hasierako agurra, taldeka puntuagarria

1.atala

  • Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
  • Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
  • Sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso

2.atala

  • Zortziko txikian hiru punturi erantzun
  • Objektu bati bertso bana
  • Gaia emanda doinu eta neurri librean bertso bat osatu, publikoak oinak asmatuz (“potokumeak”)

3.atala

  • Koplak taldeka, bi kideren artean
  • Gaia emanda talde bakoitzeko taldekide banak bi bertso osatu

4.atala

  • Hiru rol desberdinekin eta egoera emanda, hiruko ofizioa, bina bertso osatu arte

5.atala

  • Puntukako saioa taldekideen artean

v  Bukaerako agurra, banaka ez puntuagarria

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da finala Etxarri Aranazko frontoian. Finala amaituta triki-poteoa egongo da herrian barna eta amaitzeko Bardoen afaria.

Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 10 euroan dago sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 5 euroan 16 urtetik beherakoentzat eta 12 euroan gainerakoentzat.

Internetez gain, Nafarroako hainbat herritan salgai daude saiorako sarrerak: Etxarri Aranatzen Leku Ona eta Xapatero tabernetan, Iruñean Karrikirin, Leitzan Maimur liburudendan, Beran Kataku ostatuan eta Lesakan okindegian.

Bardoen finala antolatzeko, Etxarri Aranazko udalaren eta Sakanako bertso-eskolaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Bi hilabetez herriz herri

Urtarrilaren 22an abiatu zen Bardoen aurtengo edizioa eta osotara 23 saio jokatu dituzte Nafarroan barna. 121 parte-hartzaile izan dira 16 taldetan banatuta, horietatik 71 bertsolari zirela. Hirugarren edizio honetan bardoak eremu berrietara zabaldu dira eta lehen aldiz Lizarran, Altsasun eta Aurizberrin taldeak atera dituzte.

2014ko Bardoen finala Lesakan egin zen.

Bardoak 2016
  • Urtarrilak 22 - Martxoak 19

  • 16 talde

  • 121 parte-hartzaile

  • 71 bertsolari

  • 23 saio