Lau saiorekin amaituko da asteburuan Bardoak ekimenaren bigarren fasea
Ostiralean bi saio izanen dira, Iruñean eta Igantzin. Iruñekoa 21etan hasiko da Iruña Taldea elkartean, eta bertso-merendu formatua du. Bertan Iruñeko 12 obario eta 11 pedrada eta Leitzako Harrapazank taldeak arituko dira.
Igantzin, berriz, bertso-afaria eginen dute herriko Biltoki elkartean, 21etan hasita. Afal ostean Lesakako Zortziko haundiena eta Baztango Lepatanatuek 2 taldeek haien bigarren saioa jokatuko dute.
Larunbatean, Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeek haien bigarren saioa izanen dute. Zaldiko Maldiko elkartean da hitzordua, 19etan hasita. Saioarekin batera, merendu batekin disfrutatuko dute bertaratzen direnek.
Asteburuko saioak igandearekin amaituko dira, Leitzan. 18etan Atekabeltz gaztetxean bigarren saioa jokatuko dute Harrapazank eta 12 obario eta 11 pedrada taldeek. Bertso-merendua izanen da saioa.
Asteburuko lau saiookin amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako txapelketako bigarren fasea. Hiru talde sailkatuko dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den finalerako.
Saioen inguruko informazio osoa www.bertsozale.com web gunean aurkituko duzue.
Salgai dira finalerako sarrerak
Apirilaren 12an Lesakan jokatuko den Bardoen finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean. Sarrerak 15 euroan dira, eta 10 euroan Bertsozale Elkarteko bazkide, 16 urtetik beherako eta langabetuentzat.
Finalaren ostean Bardoen amaierako afaria eginen da Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Afarirako txartelak ere salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean.