Larunbatean jokatuko da Lesakan Bardoen finala, hiru talderekin
Ohiko saioa ez denez, finalaren egitura eta lanak bereziak izanen dira. Bigarren fasetik pasatu diren hiru taldeak izanen dira oholtza gainean, guztira 9 bertsolari. Lepatanatuek 2 taldean Xabier Maia, Oier Amiano eta Kotte Plaza; Bertze maldikoak taldean, Aimar Karrika, Ainhoa Aranburu eta Oskar Sanz de Acedo eta Harrapazank taldean, Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra eta Joanes Illarregi.
Era berean, hiru aurkezle izanen ditu saioak, talde bakoitzetik bana: Fernando Anbustegi (Lepatanatuek 2); Miren Bidarte (Bertze maldikoak) eta Jon Oronoz (Harrapazank).
Orain arte bezala, talde lana izanen da bertsolariek eginen dituzten ariketen oinarria. Honako lanak egin beharko dituzte finalean:
- Hasierako agurra, taldeka
- Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
- Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso
- Sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso
- Zortziko txikian hiru punturi erantzun
- Objektu bati bertso bana
- Gaia emanda doinu eta neurri librean bertso bat osatu, publikoak oinak asmatuz
- Gaia emanda bi bertso osatu
- Koplak taldeka
- Hiru rol desberdinekin eta egoera emanda, hiruko ofizioa, bina bertso osatu arte
- Puntukako saioa taldekideen artean
- Bukaerako agurra
Irabazlea erabakitzeko modua ere diferentea izanen da. Bardoak ekimenean parte hartu duten taldeetako ordezkari banak epaituko dute saioa (13 kide osotara) eta entzuleen botoa ere kontutan hartuko da. Saioa amaituta, hainbat sari banatuko dira, ez soilik finalisten artean.
Lesakako finala 17:00etan hasiko da, herriko frontoian. Finala amaituta, triki-poteoa abiatuko da herrian barna. Eguna amaitzeko, afaria eginen da Lesakako Linddurrenborda sagardotegian.
Izan ere, larunbateko saioa finalaz harago doan ekitaldi bat da; azken bi hilabetetan Nafarroako bazterrak astindu dituen kultur dinamikaren azken urratsa eta amaierako festa izanen da. Finala baino lehen 22 saio egin dira, 60 bertsolarik hartu dute parte horietan, osotara 110 parte-hartzaile izan ditu Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren bigarren edizioak.
Finaleko sarreren prezioak honakoak dira: 15 euro sarrera normala; eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 16 urtetik beherakoentzat eta langabetuentzat: 10 euro.
Afarirako txartel guztiak, berriz, amaitu ziren salgai jarri eta berehala. 125 lagun elkartuko dira saio osteko afarian, Linddurrenborda sagardotegian.
Finaleko sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Horrez gain honako tokitan erosten ahal dira sarrerak: Lesaka (Arrano, okindegia), Bera (Kataku eta Errekalde ostatuak), Elizondo (Fantxike opari eta arropa denda), Iruñea (Karrikiri), Leitza (Maimur liburudenda), Etxarri-Aranatz (Xapatero taberna) eta Lekunberri (Lanbroa liburudenda).
Finalaren egunean ere erosten ahalko dira sarrerak. Takila goizetik zabalduko da, frontoian bertan.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Bardoak taldekako txapelketaren antolatzailea eta finala antolatzen Lesakako Udalak eta Bortzirietako Bertso Eskolak lagundu dute.