110 parte-hartzaile eta 23 saio Bardoak taldekako ekimenaren bigarren edizioan
2012an bezala, talde lana izango da ekimenaren oinarria eta gutxienez bost kidez osatuko da talde bakoitza: hiru bertsolari, gai-jartzaile/aurkezlea eta taldeko ordezkaria.
Orain dela bi urte Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen Bardoak taldekako txapelketa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan egiteko asmoz. 2012koa oso esperientzia emankorra izan zen eta bi urte beranduago helburu berdinekin dator bigarrena: bertsolaritza beste modu batera landu, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, bertsolaritza gune berrietara zabaldu eta horretaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini. Horregatik, taldekako Txapelketa gisara egitura egonda ere, lehia ez da Bardoak ekimenaren helburu nagusia.
16 taldeak bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehen faseari. Bigarren fasea berriz, sei taldek jokatuko dute eta finala hirukoa izango da. Saioak elkarte girokoak izanen dira, hurbilak, gozoak eta kalitatezkoak. Kasu gehienetan bazkari, merendu, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dira. Bardoen finala apirilaren 12an jokatuko da Lesakako frontoian. Arratsaldeko saioa izanen da eta bertan bigarren fasetik sailkatuko diren hiru taldek hartuko dute parte.
Bardoak 2014ko informazio osoa eta eguneratuta www.bertsozale.com webgunearen barruan sortu den atal berezian egonen da. Bertsoa.com atarian ere saioetako bideoak izanen dira ikusgai.
Sei saio izanen dira Bardoetako lehen asteburuan
Otsailaren 7an abiatuko da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimena. Ostiralean lau saio jokatuko dira: Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bertso saioa, Zubietako estalpean bertso-merendua, Erratzuko Zubipunta ostatuan bertso-merendua eta Arbizuko Argibide elkartean bertso saioa.
Larunbatean, berriz, beste bi saio eginen dira: Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean bertso-merendua eta Txantreako Auzotegi Kultur Etxean bertso-merendua.