Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zer da Bardoak?

2012an sortu zen BARDOAK, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatu izan da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Azken edizioa, 2022koa, salbuespena izan zen, hau, pandemia osteko egoera zela eta, egun bateko formatuan ospatu zen, Bardo Eguna. Aurten, ohiko egitasmoa berreskuratu, eta bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera honekin jarraitzea da asmoa, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.


2024an jokatuko da BARDOAK taldekako txapelketaren zazpigarren aldia. Oraingoan ere, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.


Bere xumean, handia da 2024ko BARDOAK egitasmoa. Oraingoan, 91 parte hartzaile izango dira guztira: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira BARDOAK.


Irailaren 6an hasi eta urriaren 26ra arte, guztira 20 saio izango ditu taldekako txapelketak. Finala Garesen egingo da, eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.


Badatoz Bardoak plazara, haien kantua entzunaraziz. Haiekin gozatzeko tenorea da.