Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iruñean, Erronkarin, Eugin, Atarrabian, Leitzan eta Erratzun jokatuko dira lehen faseko azken saioak

2024/09/25
Gaur iluntzean izango da lehenengo saioa, lau ostiralean eta larunbatean seigarrena, lehenengo faseko azkenak. Horiekin, zehaztuko da finalaurrekoetan ariko diren sei taldeen zerrenda.

Amaitzear da 2024ko Bardoetako lehenbiziko fasea. Hain zuzen ere, aste honetan jokatuko dira azken sei saioak, Iruñean, Erronkarin, Eugin, Atarrabian, Leitzan eta Erratzun. Horiekin, 13 saioko fasea bukatutzat emango da, eta zehaztuta geldituko dira finalaurrekoak. Hasieratik parte hartzen ari diren hamahiru taldetatik seik egingo dute aurrera.

Iruñean izango da gaurko saioa. Laban jokatuko da, 19:00etatik aurrera, eta bertan izango dira herriko EzKrashak eta Baztango Mutilatuak taldeak, D multzoari dagokion saioan. Sarrera librea du ekitaldiak, baina izango da borondatea uzteko aukera. 

Erronkarin izango da ostiraleko lehen saioa, Errotan, 19:00etan hasita. Etxeko Errimaren Matxinatuak eta Baztango Baztanzopak taldea izango dira parez pare, B multzoko saioan. Honetan ere borondatea uzteko aukera izango da. 

Eugiko saioa izango da bigarrena, 19:00etan, Eugiko ostatuan eta 5 euroko sarrera izango du ekitaldiak. Saio honetan bertako Pirini Bardo eta Sakanako Joiak taldeak ariko dira lehian, D multzoari dagokion saioan. 

Atarrabiako izango da ostiraleko hirugarren saioa, Azkenak Elkartean. 19:30ean hasiko da, eta borondatearen truk izango da saioa. Barañain-Atarrabiako Argako Bixiguak eta Malerrekako Malerreka ez da Baztan taldea ariko dira kantari. 

Leitzako saioak itxiko du ostirala. 20:00etan izango da gaztetxean. Altsasu-Leitza-Barañaingo Manteleko sobrak eta Drimtim talde bisitaria izango dira buruz buru. Sarrera librea izango da honetan ere, borondatea uzteko aukerarekin. 

Larunbatean izango da lehenengo faseko azken saioa. Erratzuko Elkartean izango da, 19:00etan hasita, 3 euroren truk. Erroak bailara horretan dituen Baztanzopak taldea eta Hor gu! talde bisitaria izango dira kantuan, finalaurrekoan toki bat eskuratu nahian.

Sei toki finalaurrekoetan

Irurtzun, Tafalla eta Iruñean (urriak 4), eta Etxauri, Irunberri eta Tuteran (urriak 12) izango dira finalaurrekoak. Hiru kanporaketa dira guztira, joan-itzuli formatuan (eta beraz, sei saio). Lehen fasetik sailkatutako sei talde izango dira horietan kantari.

Azken aste honetan argituko dira zein sei talde pasako diren hurrengo fasera. Hemen ikusi daiteke txapelketaren egitura.