Lehenengo fasea amaituta, zehaztu dira 2024ko Bardoetako finalaurrekoak
Hamahiru saio jokatuta, amaitu da 2024ko Bardoetako lehenbiziko fasea, eta argitu dira honezkero finalaurrekoetara sailkatutako taldeen izenak. Asteburuan ziren lehen faseko azken bost saioak, Iruñean, Erronkarin, Eugin, Atarrabian, Leitzan eta Erratzun, eta horiek bukatutakoan argitu zen emaitza. Gauzak horrela, Manteleko sobrak (A multzoko irabazlea), Baztanzopak (B multzoko irabazlea), 'Argako Bixiguak' (C multzoko irabazlea), 'Mutilatuak' (D multzoko irabazlea), 'Hor gu!' (A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatuetan onena) eta 'EzKrashak' (A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatuetan bigarren onena) izango dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak.
Iruñean jokatu zen asteko lehen saioa, Iruñeko Laban izan ziren lehian etxeko EzKrashak taldea eta Bortziriak eta Baztango Mutilatuak taldea. Bisitariek eskuratu zuten garaipena, eta horrekin batera finalerdietarako txartela ere. Antzera gertatu zen Leitzako Gaztetxeko saioan ere, bertako Manteleko sobrak eta Iruñeko Drimtim taldeen arteko saioan. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua lortu zuten, sailkapena bermatuz. Baztanzopak taldekoek asteburuko bi saioetan lortu zuten puntua. Lehenengoa ostiralean, Erronkariko Errota Elkartean Erronkari-Iruñerriko Errimaren Matxinatuak taldearen aurka egindako saioan. Bigarrena, larunbatean Erratzuko elkartean Bortzirietako Hor gu! taldearekin aurka jokatutakoan. Dena den, azken hauek ez ziren esku hutsik joa, salkapena ere lortu baitute A, B, C eta D multzoetako bigarren sailkatu onena gisara.
Eugin eta Atarrabian izan ziren asteburuko beste bi saioak. Eugiko ostatuan izandako saioan, Erroibarreko Pirini Bardo eta Sakanako Joiak aritu ziren lehian. Atarrabiako Azkena Elkartean izan zen saioan etxeko Argako Bixiguak eta Malerrekako Malerreka ez da Baztan izan ziren kantuan. Lehenbizikoek irabazi zuten saioa, eta hain justu, faseko sailkapenean berdinketa eman zen bi talde horien artean. Desenpaterako irizpideak behin ezarrita, Argako Bixiguentzat da finalaurrekoetarako txartela.
Finalaurrekoak, sei saiotan
Hiru kanporaketa izango dira finalaurrekoetan, joan-itzuliko formatuan. Guztira, beraz, sei saio izango dira, ondorengo herrietan: Irurtzunen (urriak 4), Tafallan (urriak 4), Iruñean (urriak 4), Etxaurin (urriak 12), Irunberrin (urriak 12) eta Tuteran (urriak 12). Finalaurrekoak ez dira jokatuko parte hartzen duten taldeen herrietan, baizik eta beste sei herrietan. Modu horretan, Bardoak egitasmoa eta bertsolaritza ahalik eta Nafarroako bazter gehienetara eraman nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Behin sailkapena argituta, horrela gelditu da finalaurrekoetako koadroa: