Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Larunbatean jokatuko da Garesen Bardoetako finala

2024/10/25
Hiru talde ariko dira bihar Garesen jokatuko den Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenaren zazpigarren edizioko finalean: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak. Saioa 17:30ean izango da herriko Zamariain Pilotalekuan. Finalaren ostean, afaria egingo da Zubi XXI sagardotegian.

Irailaren 13an abiatu zen Bardoak taldekako txapelketako zazpigarren edizioa, 13 talde eta 92 parte-hartzailerekin. Hilabete t'erdian Bardoek 22 saio egin dituzte Nafarroan barna eta larunbatean amaiera emango zaio aurtengoari, Garesen jokatuko den finalarekin.

Hiru talde dira finalerako txartela lortu dutenak: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak. Talde horietako bertsolariak dira oholtzara igoko direnak eta haien artean txandaka egingo dituzte finaleko lan guztiak. Era berean, hiru taldeetako aurkezleen artean bideratuko dute saioa. Eta Bardoetan ohikoa denez, beste taldeetako kideek zein entzuleek izango dute saioa epaitzeko ardura.

Finala Garesko Zamariain Pilotalekuan jokatuko da, 17:30etik aurrera. Sarrerak sailgai daude oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian, larunbatean ere eskuragarri izango dira pilotalekuko lehiatilan 15:30etin aurrera. Finala amaituta, triki poteoa abiatuko da Garesen barna eta eguna amaitzeko Bardoen afaria egingo da, Zubi XXI sagardotegian.

Aurtengoa Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren zazpigarren edizioa da. 2012an egin zen lehena, orduan Lesakako "Rimak exkaxko" taldeak irabazi zuen Leitzan jokatu zen finala. 2014an finala Lesakan jokatu zen eta Baztango Lepanatuek 2 taldeak irabazi zuen. 2016ko edizioan Etxarri Aranatzen jokatu zen azken saioa eta Leitzako Atekaberts taldea atera zen garaile. 2018a Lekunberriko Toki Alai sagardotegian ospatu zen, Leitzako "Aldatzea Komeni" taldea garaile suertatu zelarik. 2020koa izan zen, aurtengoaren aurretik, Bardoen egitasmo osoa bere horretan ospatu zen azken urtea, finala Lizarra Ikastolan izan zen pantemia zela eta hartu beharrreko neurri guztiekin. Honetan, Malerreka-Baztango "Bertsonautak" taldeak irabazi zuen. 2022an, Bardo Eguna ospatu zen Garraldan formatu murriztuan.

 

Finalean ariko diren hiru taldeak