Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bi saiok emango diote hasiera 2024ko Bardoak taldekako txapelketari

2024/09/13
Lesakako Beheko Plazan eta Sunbillako Ulibeltza Elkartean izango dira taldekako txapelketako lehen bi saioak, gaur bertan. Beste saio bat gehiago ere izango da Bardoen lehenbiziko asteburuan, Lizarran.

Gaur abiatuko da 2024ko Bardoak, Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. Bi saiok emango diote hasiera egitasmoari; hain zuzen ere, Lesakako beheko plazan eta Sunbillako Ulibeltza Elkartean jokatuko dira lehen bi saio horiek.  

Lehenbizikoan, Lesakan egingo denean, Hor gu! etxeko taldea eta Errimaren matxinatuak Erronkari-Iruñerrikoa izango dira parez pare. Sarrera librea izango du saioak, baina borondatea emateko aukera izango da. Lesakako Beheko plazan izango da saioa, 19:00etan hasita. 

Sunbillan 19:30etan izango da saioa, Ulibeltza Elkartean. Kasu honetan, Baztango Malerreka ez da Baztan taldea (etxeko gisa) eta Pikutara goaz taldeak izango dira kantuan. Honetan ere, borondatea emateko aukera izango da. 

Beste saio bat larunbatean

Aurreko biak ez dira izango asteburuko saio bakarrak. Bihar, Lizarran, Assurancetourix eta Leitza-Altsasu-Barañaingo Manteleko sobrak taldeak ariko dira bertsotan, La Bota peñan izango den saioan, 18:00etan hasita. Saioa bukatuta, otordua emango zaie parte hartzaile eta entzuleei. 3 euroko sarrera izango du ekitaldiak.

Irailaren 28ra arte luzatuko da lehen fasea, eta bertan, bina saiotan kantatuko du talde bakoitzak, multzo bereko beste bi taldeen aurka. Lehen fasetik sei talde sailkatuko dira finalaurrekoetara. Hemen kontsultatu daiteke txapelketaren egitura.

Guztira, 13 talde eta 91 parte hartzaile ariko dira Bardoetan, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketan. Finala urriaren 26an jokatuko da, Garesen.