Beste lau saiorekin dator Bardoetako bigarren asteburua
Aurrera doa Bardoetako lehenbiziko fasea. Pasa den astean jokatu ziren lehenbiziko hiru saioak, eta beste lau izango dira gaurtik aurrera ere. Hain zuzen ere, Olaztin, Lekuberrin, Lekarozen eta Iruñean izango dira saioak gaur arratsaldean.
Olaztin 19:00etan hasiko da D multzoari dagokion saioa, herriko gaztetxean. Parez pare izango dira Joiak Sakanako taldea eta Iruñerriko EzKrashak taldea. Sarrera librea izango du saioak, baina egongo da borondatea uzteko aukera.
19:00etan hasiko dira, bestalde, Lekunberriko eta Iruñeko saioak. Lekuberrikoa Printzan izango da, eta etxeko taldea den Pikutara goaz eta Barañain-Atarrabiako Argako Bixiguak taldeak izango dira kantuan, C multzoko saioan. Bost eurokoa izango da sarrera. Iruñean, bestalde, Zaldiko Maldiko Elkartean izango da ekitaldia, A multzoari dagokiona. Iruñeko Drimtim eta Lizarrako Assurancetourix taldeak izango dira aurrez aurre. 5 euroko sarrera izango da, eta merendua eskainiko da saioa bukatutakoan.
D multzoko saio batek itxiko du asteburuko eskaintza. Hau ere bihar izango da, 19:30ean Lekarozko plazan (euria egiten badu frontoian izango da). Bortziriak-Baztango Mutilatuak eta Erroibargo Pirini Bardo taldeak izango dira bertsotan. Hemen ere librea izango da sarrera, borondate truk.
Lehen fasearen erdian
Hiru asteburu ditu Bardoetako lehen faseak, eta bigarrena da oraingoa. Asteburua bukatutakoan, 7 saio izango dira honezkero jokatutakoak, lehen faseak dituen 13 saiotatik. Beraz, sei saio geldituko dira faseari amaiera jartzeko. Horiek igarotakoan jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoen fasera sailkatutako sei taldeak.
Irurtzun, Tafalla eta Iruñean (urriak 4), eta Etxauri, Irunberri eta Tuteran (urriak 12) izango dira finalaurrekoak. Horietan zehaztuko dira aurtengo hiru finalistak.