Beste lau saio jokatuta, aurrera egin du Bardoetako bigarren asteburuak
Lau saio jokatu dira 2024ko Bardoetako bigarren asteburuan. Asteburukoekin, lehenbiziko faseko 13 saioetatik 7 jokatu dira honezkero, eta asteburu baten faltan, atzean utzi ditugu lehen biak. 150 ikusle inguru eta giro ezinhobearekin aurrera doaz Bardoak.
Ostiralean izan ziren lau saioak. Lehenengoan, Olaztiko Maisuenea gaztetxean jokatutakoan, eskualdeko Joiak eta Iruñerriko EzKrashak taldeak izan ziren kantuan, eta bisitariek eskuratu zuten puntua, Iratxe Legarra gai-jartzaile zela. 70 lagun inguru bildu ziren gaztetxean, giro ederrean.
Lekunberriko Printzan jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, eta herriko Pikutara goaz eta Barañain eta Atarrabiako Argako Bixiguak taldeak izan ziren parez pare, 25 lagunen aurrean. Zigor Gartzia “Zian”ek egin zituen gai-jartzaile lanak. Azkenean, etxean gelditu zen puntua. Saioa bukatutakoan, merendua izan zen han bildutakoentzat.
Ordu beretsuan izan zen Iruñeko saioa, Zaldiko Maldiko Elkartean. Bertan, kantatu zuten Drimtim eta Lizarrako Assurancetourix taldeek. Bertako taldeak eskuratu zuen saioko puntua. Saioa biribiltzeko, beste behin ere merendu bikaina prestatu zuten etxekoek, eta entzuleak eta bertsolariak giro onean aritu ziren elkarrekin solasean, Bardoetan ohikoa izaten den bezala.
Lekarozko plazan jokatu zen asteburuko azken saioa, eta bertan izan ziren etxeko Mutilatuak eta Erroibargo Pirini Bardo taldeak. Iban Garro izan zen aurkezle, 40 lagunen aurrean. Azkenean, Bortziriak-Baztango taldeak eskuratu zuen puntua.
Sei saio lehen fasea bukatzeko
Heldu den asteburuan jokatuko dira Bardoetako lehen faseko azken sei saioak, Iruñean, Atarrabian, Erronkarin, Eugin Leitzan eta Erratzun, eta orduan zehaztuko dira finalaurrekoak. Lau multzotan banatuta daude orain taldeak, eta sei talde pasako dira hurrengo fasera: lau multzo horietako lehenengoak, eta A,B eta C multzoen arteko bigarren sailkatuetan onena eta bigarren onena. Hemen ikusi liteke txapelketaren egitura.