Bardoetako finalean izanen dira Baztan eta Bortzirietako Baztanzopak, Hor gu! eta Mutilatuak taldeak
Larunbatean jokatu ziren jokatzeke gelditzen ziren Bardoetako hiru finalaurrekoak, Etxauri, Irunberrin eta Tuteran. Behin hiru saio horiek eginda, argitu da urriaren 26an, Garesen, finalean ariko diren taldeen zerrenda: Baztango ‘Baztanzopak’, Bortzirietako ‘Hor gu!’ eta Baztan-Bortzirietako ‘Mutilatuak’.
Etxaurin, udaletxeko ganbaran jokatu zen finalaurrekoetako bat. 20 bat lagun inguruk jarraitu zuten saioa bertatik bertara, giro onean. Parean izan ziren Baztan-Bortzirietako Mutilatuak eta Atarrabia-Barañaingo Argako Bixiguak taldeko bertsolariak –Eneko Fernandez, Julen Zelaieta eta Urko Gartzia lehenengoen taldean, eta Ander Baiano, Iñigo Aranguren ‘PIKA’, Martin Berrizbeitia eta Mikel Lasarte bigarrenen taldean-, Iban Garro gai-jartzailearen aginduetara kantuan. Joaneko saioan, urriaren 4an Irurtzunen jokatutakoan, garaipena eskuratu zuten Mutilatuak taldekoek, eta beste horrenbeste egin zuten atzo, finalerako sailkapena ziurtatuz.
Irunberrin izan zen larubateko beste finalaurrekoetako bat, Larrainenea Elkartean. 30 lagunen aurrean kantatu zuten Baztango Baztanzopek eta Altsasu-Barañain-Leitzako Manteleko sobrek. Baztandarren partetik, Alazne Untxalo, Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart aritu ziren bertsotan. Atarrabia-Barañain-Leitzarren aldetik, berriz, Ekain Alegre, Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga. Gai-jartzaile lanetan Ane Fagoaga aritu zen. Baztandarrek irabazia zuten joaneko saioa, urriaren 4an Tafallan egindakoa, eta atzo ere nagusitu ziren, finalerako txartela berretsiz.
Launbateko azken finalaurrekoa Tuteran izan zen. 40 lagun inguru bildu ziren Beterri Peñan Iruñerriko EzKrashen eta Bortzirietako Hor gu! taldeen arteko saioa ikusten. Iruñerrikoen partetik, Antton Ciriza, Ion Zendoia eta Josu Sanjurjo, izan ziren kantuan, Bortzirietatik, Estitxu Arozena, Itziar Mitxelena eta Kattin Madariaga. Gai jartzaile lanetan Eider Azkoaga aritu zen. Joaneko saioan, urriaren 4an Iruñean izandakoan, Bortzirietako taldeak eraman zuen saioa, hala izan zen larunbatean ere, finalean lekua eginez.
Finala, urriaren 26an
Horrenbestez, argitu da urriaren 26ko finalean ariko diren taldeen zerrenda. Garesko Zamariain Pilotalekuan eginen da finala, urriaren 26an, 17:30ean. Sarrerak salgai daude honezkero, www.bertsosarrerak.eus atarian.