3 saio eta 120 entzuletik gora Bardoetako lehen asteburuan
Hiru saiok eman diote hasiera 2024ko Bardoei. Hain zuzen ere, Lesakan, Sunbillan eta Lizarran jokatu dira lehenbiziko hiru saioak, ostiral eta larunbat, 120 lagun baino gehiagoren aurrean, eta giro ederrean. Abian dira beraz 2024ko Bardoak.
Ostiralean bi saio izan ziren. Lehena, Lesakako Beheko plazan jokatu zen, eskualdeko Hor gu! eta Erronkari-Iruñerriko Errimaren matxinatuak taldeen artean. 40 lagun inguru elkartu ziren etxeko taldeko hiru bertsolariak eta talde bisitariko hiruak entzuteko, eta itxura polita hartu zuen plazak. Gai-emaile lanetan, Uxue Mesa, Ane Telletxea eta Iratxe Muxika aritu ziren. Ariketa guztiak egin ondoren, Bortzirietako taldeak eskuratu zuen puntua. Bertsolari eta ikusleak giro onean aritu ziren, Bardoetan ohikoa izaten den bezala.
Sunbillan jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, Ulibeltza Elkartean. Bertan izan ziren kantari Malerrekako Malerreka ez da Baztan taldea (etxeko gisara) eta Irurtzun eta periferiako Pikutara goaz, 40 lagun ingururen aurrean. Gaizka Baigorri, Xuban Etxegia eta Jon Aldabe ibili ziren gai-jartzaile lanetan, eta etxeko taldearentzat izan zen puntua.
Larunbatean, Lizarran jokatu zen saioa, La Bota peñan, 40 bat lagunen aurrean. Lizarrako Assurancetorurix eta Leitza-Altsasu-Barañaingo Manteleko sobrak taldeak izan ziren kantari, Ekhiotz Prieto gai-jartzailearen aginduetara. Epaileek eta publikoak hala erabakita, talde bisitariak eraman zuen puntua. Bukaeran otordua egon zen parte hartzaile eta ingurukoentzat.
Ikusi lehen asteburuak emandakoa, argazkitan.