Sei saio izango dira aste honetan Herriartekoan
Asteburu osoan izango dira Herriarteko bigarren faseko saioak Gipuzkoako herrietan. Ostiralean, apirilaren 7an, Azkoitian Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Xenpelar (Errenteria) taldeen arteko bertso afaria izango da Tintoreri Elkartean, 21:00etatik aurrera. Egun berean, Gabirian jardungo dira Osinalde (Gabiria) eta Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu (Orio) taldeak. Osinalde elkartean 21:00etan hasiko da bertso afaria.
Hurrengo egunean, apirilaren 8an, larunbatarekin Hondarribiko Olagarro Elkartean bertso bazkaria egingo dute 14:00etan hasita. Txingudi 2 (Irun) eta 26+ (Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta eta Berastegi) taldeak arituko dira bertsotan.
Igandean, apirilaren 9an, bigarren fasea itxiko duten hiru saioak izango dira. Txinparta 1 (Oñati) eta Karidadeko benta (Zizurkil eta Asteasu) taldeak Oñatiko Araotzeko saloian egingo dute bertso bazkaria 14:00etan. 26+ (Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta eta Berastegi) eta Am…ona (Amasa-Villabona) taldeek ere bertso bazkaria egingo dute 14:00etan hasita, Abaltzisketa Zalbide sagardotegian. Si mimimi sol (Urretxu-Zumarraga) eta Osinaldek (Gabiria) itxiko dute fasea Urretxuko Osaba tabernan, 20:30ean hasita, egingo duten bertso saioarekin.
Herriartekoaren bigarren fasea
Otsailaren 3an hasi zen Gipuzkoako Herriartekoa. Guztira 38 taldek hartu dute parte lehen fasean, eta sei astez 38 saio egin ondoren 12 talde pasa dira bigarren fasera, osatutako 12 multzotatik talde bana.
Bigarren fasean erabakiko da finalaurrekoetara pasako diren lau taldeak zeintzuk diren. Maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Azpeitian, maiatzaren 27an egingo den finalean abestuko dutenak.