Karidadeko Bentak irabazi du Gipuzkoako Herriartekoa
Joseba Otaegi, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika aritu dira Karidadeko Bentaren izenean. Oihana Iguaran, Beñat Iguaran eta Ander Goikoetxea, berriz, Am…ona! taldetik. Giro bikaina izan da gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 700 pertsona inguru elkartu dira Karidadeko Benta eta Am…ona! taldeak animatzeko asmoz.
Saioko aurkezle lanak egin dituzte Iñaki Otaegi (Am…ona) eta Gurutze Oiarzabalek (Erniarraitz 1, Azpeitia). Gai jartzaile lanetan aritu da Igotz Alkorta (Karidadeko benta). Saio baloratzen bost epaile aritu dira: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1), Alazne Arrillaga (Sarri nahi genuen eta Habana etorri zaigu, Orio), Unai Muniain (Hitza ote hitza, Zarautz), Zigor Leunda (Am…ona!), Jon Ormazabal (Karidadeko Benta).
Talde irabazleak txapela jantzi aurretik, Herriartekoan parte hartu duten talde guztietako ordezkariak igo dira oholtzara oroigarri jasotzeko. Bukatzeko, Am…ona! taldeak jantzi dio txapela Karidadeko Benta taldeari.
Herriartekoaren bukaerako afaria
Saioa bukatutakoan, 150 lagun inguruk afaldu dute Sanagustin kulturgunean. Otsailetik hasitako bideari jai giroan amaiera emateko. 38 taldek, 280 pertsonak, parte hartu dute 2017ko Gipuzkoako Herriartekoan. Bertsolaritzarekin gozatzeko, jolasteko balio izan du. Gipuzkoako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi izan da. Parte hartzaile guztien txapelketa izan da hau, gozamena izan da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana izan da, eta hemendik aurrera ere asko egongo da egiteko eta gozatzeko.