Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Karidadeko benta sailkatu da Herriarteko finalera

2017/05/06
Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa izan da Alegiako frontoian 17:30ean hasita. Erniarraitz 1 (Azpeitia) eta Karidadeko benta (Asteasu, Zizurkil) taldeak lehiatu dira bertan. Karidadeko benta gailendu da saioan, beraz Azpeitian egingo den finalean abestuko dute.

Giro bikaina izan da gaur Alegiako frontoian, jende ugari elkartu da Erniarraitz eta Karidadeko benta taldeko kideak animatzeko. Karidadeko bentak 27 puntu bildu ditu eta zuzenean sailkatu da Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan izango den Herriarteko finalera. Erniarraitz taldeak 18 puntu bildu ditu, saio bikaina egin ostean.

Karidadeko benta taldearen izenean Unai Mendizabal, Joseba Otaegi eta Haritz Mujika bertsolariak aritu dira kantuan. Erniarraitz 1 taldean, berriz, Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso aritu dira.

Gai jartzaile lanetan aritu dira Gurutze Oiartzabal (Erniarraitz 1) eta Igotz Alkorta (Karidadeko Benta). Saioa bost epailek baloratu dute: Xabier Azpillaga (Erniarraitz 1), Jon Ormazabal (Karidadeko Benta), Uxune Areizaga (Arrai nahastua, Getaria), Eresti Oiarbide (Osinalde, Gabiria), Eneko Iriondo (Bertso Olariak, Legazpi).

Karidadeko Bentarekin batera finalean abestuko duen beste taldea maiatzaren 13an Bergarako pilotalekuan izango den saioan erabakiko da. Bertan arituko dira Osinalde (Gabiria) eta Am… ona (Amasa-Villabona) taldeak.  Bergarako saiorako eta Azpeitiako finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bergarako saiorako sarrerak Pol pol tabernan ere lor daitezke (Bergara). Finaleko sarrerak, interneten salgai egoteaz gain, Sanagustin kulturgunean ere eros daitezke (Azpeitia).