Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Jende ugari izan da Herriarteko saioetan

2017/03/08
Azpeitian, Hernanin, Oiartzunen, Irunen, Mutrikun eta Getarian izan da Herriartekoa pasa den asteburuan.

Azpeitiko Sanagustinen jokatu zen Erniarraitz 4 eta 26+ taldeen arteko saioa eta 80 lagun inguru bildu ziren afalondoren giro ezin hobean bertsoaz gozatzeko. Aitor Salegi, Oier Etxeberria eta Jon Ander Iriondo aritu ziren kantuan Erniarraitz 4 taldetik eta Txomin Azpiroz, Iñigo Gorostarzu “Etxorde” eta Adur Gorostidi 26+ taldetik. Ane Iriondoren gidaritzapean aritu ziren bi taldeak, epaile lanetan berriz, Xabier Azpillaga, Juantxo Sagardogi eta Mikel Beloki aritu ziren. Kanpoko taldea izan zen nagusi 17 punturekin, Erniarraitz 4 taldeak 7 lortu zituen.

Hernanin Osinaga auzoko Arriatxuko Elkartean 40 lagun inguruko bertso afaria izan zen hernaniarren eta azkoitiarren artean. Hernani bat taldetik Eñaut Martikorena, Andoni Mujika eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan, Erniarraitz 3 taldetik berriz, Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxe. Gai jartzaile lanetan Jon Altuna “Oxan” aritu zen eta epaile lanetan Ixabel Jauregi, Aitor Lasarte “Laxa” eta Ainara Azpiazu “Azpi”. Epaia etxekoen aldekoa izan zen 15 punturekin, azkoitiarrek 9 lortu zituzten.

Oiartzungo Makutxo tabernan Lexoti taldeak Legazpiko Bertso Olarien bisita jaso zuen. Saio polit eta atsegina izan zen eta legazpiarrek bildu zituzten punturik gehien. 14 eta 10 irabazi zuten Bertso Olariek. Leire Beloki gai-jartzailearen esanetara aritu ziren Oiartzundik Jokin Irastorza, Ander Lizarralde eta Jon Otegi, Legazpitik berriz Asier Iriondo, Nerea Elustondo eta Ane Beloki. Epaile lanetan Karlos Ibarguren, Oskar Ibarguren eta Eneko Iriondo aritu ziren. Hogeita bost bat lagun hurbildu ziren Makutxo tabernan egin zen saiora eta jendeak barre egiteko aukera izan zuen hasierako agurretatik bukaeraraino.

Irungo Hazia Elkartean bapo afaldu ondoren abestu zuten Txingudi 1 eta Ereñotzuko taldeek. Txingudikoen aldetik, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Andoni Zelaia aritu ziren kantuan eta Ereñotzutik Ibon Miner, Iñaki Zelaia eta Aritz Zerain. Gai-jartzaile Oinatz Mitxelena izan zen eta epaile lanetan, Beñat Elosegi, Amaia Otxotorena eta Eneko Sanchez. Txukun aritu ziren sei bertsolariak eta entzuleek ere gogoz jo zituzten txaloak. “Txingudi I” taldeak 6 puntu lortu ditu eta “Ereñotzu” hirukoteak 18.

Giro ederrean jokatu zen Arnope eta Hernani2 taldeen arteko saioa larunbat gauean, 60 bat lagunen aurrean. Bapo afaltu ondoren, Unai Belaustegi gai-jartzailea izan zuten gidari 6 bertsolariek. Arnope taldeak eman zion hasiera saioari, agur dotorearekin: arraunak eskutan, marinel jantzita eta trikitiaren laguntzarekin bertsokatu zituzten Mutrikuko kantuak, eta giro beroa sortu zen hasieratik Mutrikuko gaztetxean. Agurren ondoren, bizi eta azkar joan zen saioa. Nahiko saio parekatuak egin zituzten ofiziokako bertsoaldietan, puntu erantzunetan eta oinak emandako ariketetan. Hernanikoak nagusitu ziren 8ko txikian eta bakarka, eta koplatan, aldiz, Arnope taldea nabarmendu zen. Azkenean 13-11 geratu zen puntuazioa, Hernani2 taldearen alde.

Getarian Berdura Plazan egin zen saioan 90 bat pertsona inguru bildu ziren Arrai Nahastua (Getaria) eta 7 astoren gainean-en (Alegia) arteko norgehiagoka ikusteko. Getariatik, Libe Goenagak, Danel Olano eta Egoitz Aizpuruk kantatu zuten, Alegitik Mikel Artola, Hodei Oiartzabal eta Imanol Irasuztabarrena etorri ziren bitartean. Gai jartzaile lanak, Ane Ezenarrok egin zituen. Saioa oso parekatua izan zen, emaitzak erakutsi zuen bezela, hamabina puntu eman baitzizkien epaileek. Umore puntu politarekin bukatu zuten saioa eta emaitzarekin ere denak gustora, arratsalde ederra pasa zuten gerturatu ziren guztiek.