Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Herriarteko lehen faseko azken saioetan ere giro bikaina

2017/03/15
Zaldibian, Azkoitian, Hernanin, Andoainen, Ataunen, Bergaran, Oñatin eta Urretxun jokatu dira Gipuzkoako Herriarteko lehen faseko azken saioak.

Zaldibian jokatu zen Goierriko “Ebie ai do” eta Itziarko Bertso Eskolaren arteko bertso saioa. Herri Antzokian egin zen eta gaueko 10:20an hasi eta 11:30ean amaitu zen. Herriarteko txapelketaren lehen faseko bigarren saioa zuten bi taldeok. Oholtza gaineko saioa izan zen eta 60 lagun inguru bertaratu ziren bertsoak entzutera. Aurkezle lanetan Ainhoa Mujika aritu zen eta Ebie Aio Do taldearen izenean (Goierri) bertsotan Odei Lopez, Gemma Urteaga eta Aitor Irastortza aritu ziren eta Itziarko Bertso Eskolaren izenean Aitor Zubikarai, Iñigo Izagirre eta Ander Zulaika. Epaile lanetan Mikel Urteaga, Itziar Astigarraga eta Jon Ordozgoiti aritu ziren. Hauek emandako puntuazioa honakoa izan zen: Ebie ai dok 10 puntu eta  Itziarko taldeak, aldiz, 14.

Erniarraitz 2 eta Txingudi 1 taldeen arteko saioa Azkoitiko Koxka tabernan izan zen. Azkoitiko taldetik, Iñaki Tolosa, Jokin Sudupe eta Asier Garate aritu ziren kantuan. Irungo taldetik berriz, Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaia. Gai-jartzaile lanetan Jokin Landa aritu zen, eta Garbiñe Otegi, Gorka Larrañaga, Igor Isuskiza azkoitiarrak eta Beñat Elosegi irundarra izan ziren epaile lanetan jardun zirenak. 130 entzule inguru gerturatu ziren bertara eta giro ederrean saioaz gozatzeko aukera izan zuten. Bi taldeen arteko norgehiagoka estua izan zen oso eta epaileek hamabina puntu eman zizkioten talde bakoitzari.

Hernaniko Txalaparta Elkartean ospatu zen Hernani 2 eta Am...ona taldeen arteko bertso saioa. Unai Agirre, Iker Osa eta Oier Iurramendi izan ziren Hernani 2 taldeko bertsolariak eta Oihana Iguaran, Beñat Iguaran eta Amaia Agirre Am...ona taldetik. Elkartea jendez beteta, saio bizi baten ondoren azken emaitza hamabina puntukoa izan zen.

Andoaingo Irunberri tabernan Punttuka eta Txingudi II izan ziren aurrez aurre, andoaindarrak eta irundarrak hain zuzen ere. Azken hauentzat izan zen garaipena 13 puntu lortu zituztelako. Punttukak, berriz, 11 puntu lortu zituen. Irundarrek garaipena eta lehen fasetik bigarrenera pasatzeko txartela ere lortu zuten bide batez. Umorezko saioa izan zen gehienbat, baina serio jartzea tokatu zenean ere ez ziren atzean geratu bi taldeak. Beste behin ere publikoaren erantzuna aparta izan zen Irunberri tabernan. Bertsolariak publikoa ase zuen bezala, publikoak bertsolariak ere ase zituen euren txaloekin. Saio bizia eta polita izan zen. Amaitu bezain pronto jendearen ahotan entzun zitekeen saioa benetan laburra egin zitzaiela, eta hori ez da inondik inora seinale txarra.

Afarirako txartel gehienak salduta, berrogei lagun bildu ziren Bergarako Artatse elkarteko mahai inguruan. Afalostean beste dozenaka zale inguratu ziren, Aitziarren gorraizia eta Debagoiena taldeen saioa hasi aurretik. Sabelak berdinduta, eta bertaratutakoak gustura, kantatzeko eta entzuteko prest ziren guztiak. Saio bizia osatu zuten sei bertsolariek, eta guztiek utzi zuten gogoratzeko moduko aleren bat. Donostiako Aitziaren gorraizia taldeak irabazi zuen kanporaketa, 16 puntu lortuta. Etxeko taldeak, Debagoienak, 8 puntu eskuratu zituen. Saio ostean pikatzeko pintxo eta trago batzuen bueltan amaiera eman zioten bertaratuek eguneko saioari.

Urretxuko Amalur elkartean ere 41 lagun elkartu ziren afaldu eta Photoshop eta Txinparta taldeen arteko saioaz gozatzeko. Azkenean saioa oñatiarrek irabazi zuten 14 puntu eskuratuta, etxekoek 10 lortu zituzten.

Herriartekoaren lehen fasea amaitu da

Orain artekoa da Herriarteko lehen faseak eman duena. Datozen egunetan jakinaraziko da bigarren fasera pasa diren taldeak zeintzuk diren eta saioak noiz izango diren.

Herriartekoak lau fase izango ditu:

                -Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak izan dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.

                -Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

                -Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

                -Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.