Giro ederra nagusi Herriartekoaren lehen asteburuan
Ran rober ran eta Txinpartak Zarautzen, Lasarteko bertso eskola eta Aia ta kittok Lasarte-Orian, Erniarraitz 3 eta Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaiguk Azkoitian jokatu zituzten lehen hiru saioak pasa den ostiralean. Ran rober ran, Lasarte-Oriako bertso eskola eta Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldeak izan ziren garaile, hurrenez hurren.
Zarauzko Txiki polit tabernan izan zen saioan, aurrez aurre aritu ziren Ran rober ran (Zarautz) eta Txinparta (Oñati) taldea. Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzizidor “Mantxi” eta Felix Zubia izan ziren etxeko taldeko bertsolariak eta txantxikuak, berriz, Maider Arregi, Urko Arregi eta Gontzal Belategi. Ion Zaldua gai jartzaile lanetan aritu zen. Bi taldeek maila polita erakutsi zuten arren, Ran rober ran taldeko Xabier Etxeberria, Txinparta 2 taldeko Beñat Alberdi eta Nikolas Zendoia epaileen arabera, etxeko taldea nagusitu zen. Bertaratutako 90 bat lagunek ederki gozatu zuten saioak iraun zuen ordubete eskasean.
Lasarte-Orian, berriz, Arrieskalleta elkartean, bertso-afaria formatuan egin zen saioa. Hogeita bost lagun inguru elkartu ziren, eta afal ostean, bertsotan hasi ziren Aia ta kitto (Aia) eta Lasarteko bertso eskola (Lasarte-Oriako) ordezkariak. Aiaren izenean Iñaki Gurrutxaga, Aritz Hernandez eta Jokin Zumeta aritu ziren, eta Lasarte-Oriaren izenean berriz, Ane Labaka, Unai Muñoa eta Asier Azpiroz izan ziren. Uxue Loinaz izan zen gai-jartzailea.
Saioko epaileen arabera, Lasarte-Oriako taldea gailendu zen Arrieskalletako saioan.
150 bertsozale inguru elkartu ziren Azkoitiko Zurt tabernan. Aurrez aurre, Orioko Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldea eta Azkoitiko Erniarraitz 3. Oriotik Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Imanol Lizarazu “Habana” kantari. Bestea, berriz, Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxe.
Silvia Etxaniz aritu zen gai-jartzaile lanetan eta Ixabel Jauregi, Gorka Larrañaga eta Xuban Bekarte azkoitiarrek eta Alazne Arrillaga oriotarrak egin zituzten epaile lanak.
Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra izango da. Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen duten 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.