Giro ederra izan da Gipuzkoako Herriartekoan
Aia
Aian elkartu ziren bertako Aia ta kitto eta Urretxu-Zumarragako Si mimimi sol taldea. Urretxutik Gorka Azkarate, Maialen Akizu eta Mikel Iturriotz etorri ziren eta saio polita osatu zuten Aiako Jokin Iruretagoiena “Zieltzeta”, Aritz Hernandez “Larrume” eta Iñaki Gurrutxagarekin batera. Afari gozoaren ondoren, gerturatu ziren herritarrek ordubete pasatxoko bertso saioaz gozatu ahal izan zuten. Aitor Arregi, “Ximel”, Aiako taldeko gai jartzailea izan zen bertsolariak lanean jartzeko arduraduna.
Saio amaieran, Urretxu-Zumarragako “Si-mi-mi-sol” taldea ebatzi zuten irabazle epaileek, 15 punturekin. Aiako bertsolariek 9 puntu bildu zituzten.
Donostia
Aitziaren gorraizia (Donostia) eta Erniarraitz 4 (Azpeitia, Zestoa) aritu ziren Donostiako Kresala elkartean. Manex Mujika, Beñat Mujika eta Jokin Labayen aritu ziren kantuan Donostiako taldean, Erniarraitzetik, berriz, Oier Etxeberria, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi. Gai jartzaile lanetan Gorka Segurola aritu zen. 50 lagun inguru elkartu ziren saioa entzuteko. Azkenean, Donostiako taldea izan zen garaile 14 punturekin, Erniarraitz 4k 10 puntu bildu zituen.
Gabiria
Beste behin ere ederki erantzun zuen Gabiriako bertsozaleak. 80 lagun bildu ziren afarian Osinalde Elkartean Gabiriako eta Añorgako taldeen saioa entzuteko.
Agur umoretsuek ez zuten hutsik egin,ikusi zen bi taldeek aurrez lan pixka bat egiteko tartea hartu zutela.Gabiriarrek herri txiki infernu handi programaren parodia egin zuten, eta añorgarrek berriz, Añorgatik Gabiriarako bidea bizikletan egin zuten Gabiriako aldapan gora...
Saioa oro har, oso bizia joan zen, inork ez zuen nabarmen akatsik egin. Gero jendeari entzundakoaren arabera,oso eramangarria izan zen saioa. Amaierako kopletako lanak ere oso bizkor Joan ziren, etxeko taldeak disfraz bilatzen egindako saioa batez ere.
Saio parekatu baten ondoren 14-10 markagailuarekin Osinalde, Gabiriako taldea nagusitu zen.
Itziar
Itziartarrek Andoaingo Punttuka taldea izan zuten gonbidatu gisa Bikain jatetxean izan zen bertso afarian. Jatetxeko mahaiek laurogei pertsonatik gora bildu zituzten giro eta umore paregabea sortuz.
Itziartarrei tokatu zitzaien agurrekin hastea. Italiar mafia baten paperean ekin zioten, entzuleengan barre algarak sortuz, baina epaileen ustez eta baita entzuleen ustez ere Andoaingo Punttuka taldearen Mexikar agurrak itzala egin zion itziartarrenari.
Bertsotan bi taldeak fin eta txukun aritu ziren mikrofonoen aurrean bertso sorta ederrak eskainiz. Entzuleek ez zuten oso garbi nork irabaziko zuen saioa eta epaileek ere nahiko lan izan zuten epaia emateko orduan. Oso alde gutxirekin baina Itziartarrek 13 puntu eta Andoaindarrek 11 puntu lortu zituzten, saioa itziartarrentzat etxean gelditu zen.
Oiartzun
Inauterietako ostirala aprobetxatuz, Oiartzungo Girizia elkartean ospatu zen Oiartzun-Martzelina eta Urretxu-Zumarraga-Potoshop taldeen arteko lehia.
Urretxu-Zumarragako taldea zakuz jantzita etorri zen, Ote-gizonaren jantzi eta guzti, Oiartzungo pertsonaiari keinu eginez. Etxekoek, aldiz, zirko galanta montatu zuten, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoekin.
Bertso afaria mimoz prestatu zuten sukaldariek eta behin sabela ondo bete ondoren, txapelketari hasiera eman zioten bertsolariek. Potoshoptarrek Oiartzungo musikari eta poetak hartu zituzten gogoan agurra egiteko garaian, erreferentzia asko erabiliz. Benetan aipagarria izan zen puntuazioz kanpo Jon Martin eta Antton Fernandezek egin zuten ofizioa; baita bi taldeek oinak jarriz egin zuten saioa ere. Orokorrean saioak umoretik jo zuela esan dezakegu, gaiek horretarako bidea ematen zutelako; oso bizi joan zen eta bertsozaleak pozik antzeman ziren.
Epaileek Oiartzungo Martzelina taldea jo zuten irabazle, baina tarte txikiarekin: 13-11.
Orereta
35 pertsona bildu ziren inauterietako larunbatean Xenpelar etxean (Orereta) jokatutako kanporaketan. Xenpelar, herriko taldea eta Astigarragako taldea aritu ziren kantuan; herrikoen aldetik Aitor Albisturrek, Haritz Casabalek eta Xamoak jardun zuten, eta Astigarragaren izenean Iker Goñik, Urko Casadok eta Agin Laburuk.
Saio polita osatu zuten sei bertsolariek eta azkeneko emaitza 16 eta 8 izan zen etxekoen alde.