Azpeitia, Getaria, Hernani, Irun, Mutriku eta Oiartzunen izango da Herriartekoa
Azpeitia, Hernani eta Irungo bertso afariak 21:00etan hasiko dira ostiralean, martxoaren 3an. Irungo Hazia Kultur Elkartean Txingudi 1 (Irun) eta Ereñotzu taldeak ariko dira kantuan. Hernaniko Osinagan, berriz, Hernani 1 eta Erniarraitz 3koak (Azkoitia) arituko dira. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, berriz, Erniarraitz 4 (Azpeitia, Zestoa) eta 26+ (Abaltzisketa, Amezketa, Anoeta eta Berastegi). Oiartzungo Makutxo tabernan Lexoti (Oiartzun) eta Bertso Olariek (Legazpi) egingo dute bertso saioa.
Larunbatean, martxoaren 4an, Getariako Berdura plazan (herriko plazaren ondoan) Arrai nahastua (Getaria) eta 7 astoren gainean (Alegia) taldeak arituko dira 19:00etan hasita. Mutrikuko gaztetxean bertso afaria izango da egun berean, 22:30ean hasita. Arnope (Mutriku, Deba eta Mendaro) eta Hernani 2 taldeak ariko dira kantuan.
Gipuzkoako Herriartekoa 2017
Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa otsailaren hasieratik abiatuta maiatzaren 27ra arte egingo da. Egun horretan izango da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da.
Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai jartzaile taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.
Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Lehen itzulian 38 bertso saio izango dira.
Herriartekoak lau fase izango ditu:
-Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
-Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
-Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
-Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.