Andoain, Ataun, Azkoitia, Bergara, Hernani, Oñati, Zaldibia eta Zumarraga-Urretxun izango da
Ostiralean, martxoaren 10ean, Azkoitian, Hernani, Andoain eta Zaldibian izango dira saioak. Erniarraitz 2 (Azkoitia) eta Txingudi I (Irun) arituko dira Azkoitiko Koxka tabernan 22:30ean hasita. Hernaniko Txalaparta Elkartean Hernani 2 eta Am…ona! (Amasa-Villabona) taldeek bertso afaria egingo dute, 20:00etan. Punttuka (Andoain) eta Txingudi 2 (Irun) taldeek Andoaingo Irunberri elkartean egingo dute bertso saioa 22:00etan. Zaldibiako Herri Antzokian arituko dira 22:00etan hasita Ebie ai do (Beasain, Ordizia, Zaldibia eta Legorreta) eta Itziarko taldeak.
Larunbatean, martxoaren 11n, berriz, Zumarraga-Urretxu, Ataun eta Bergaran izango dira bertso saioak. Potoshop (Zumarraga-Urretxu) eta Txinparta 1 (Oñati) taldeak Zumarraga-Urretxuko Amalur Elkartean egingo dute bertso afaria 21:00etan hasita. Aizkorpe (Segura eta Ataun) eta Arrai nahastua (Getaria) taldeek Ataungo Oargi kultur etxean egingo dute bertso saioa 22:00etan. Bergaran ere, bertso afaria egingo dute Artetse elkartean. Afari ostean izango da, 22:30ean, bertso saioa. Debagoiena (Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatza) eta Aitziaren gorraizia (Donostia) taldeak arituko dira bertsotan.
Igandean, martxoaren 12an, Txinparta 2 (Oñati) eta Karidadeko benta (Zizurkil eta Asteasu) arituko dira kantuan Oñatiko Pako tabernan. 18:00etan izango da saioa eta, ostean, pikatzeko zerbait jarriko dute.
Lehen itzuliaren bukaera
Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa otsailaren hasieran abiatu zen eta maiatzaren 27an amaituko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egingo den finalean. Martxoaren 12ko bertso saioarekin, Txinparta 2 eta Karidadeko bentak jokatuko dutena, lehen itzuliari amaiera emango zaio. Hurrengo astean jakingo da, beraz, bigarren itzulian arituko diren taldeen zerrenda.
Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da.
Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai jartzaile taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.
Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Lehen itzulian 38 bertso saio izango dira.
Herriartekoak lau fase izango ditu:
-Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
-Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
-Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
-Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.