Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aia, Donostia, Errenteria, Gabiria, Itziar eta Oiartzunen izango da Herriartekoa

2017/02/23
Ostiralean, otsailaren 24an, izango dira bost saio: Martzelina eta Potoshop, Aia ta kitto eta Sol mimimi sol, Osinalde eta Añorga, Itziar eta Punttuka, Aitziaren gorraizia eta Erniarraitz 4. Larunbatean, otsailaren 25ean, berriz, izango da seigarrena: Xenpelar eta Astigarraga.

Bost bertso afari izango dira Herriartekoan, ostiralean, otsailaren 24an. Martzelina (Oiartzun) eta Potoshop (Urretxu-Zumarraga) taldeen afaria Oiartzungo Girizia Elkartean izango da, 20:30ean hasita. Ordu berean hasiko da Aia ta kitto (Aia) eta Sol mimimi Sol (Urretxu-Zumarraga) taldeen artekoa Aiako Andatza auzoko Uhartemuño elkartean. Aitziaren gorraizia (Donostia) eta Erniarraitz 4 (Azpeitia, Zestoa) talden artekoa ere 20:30ean izango da Donostiako Kresala kultur elkartean. Azkenik, 21:00etan hasiko da Itziarko Bikain jatetxean Itziar eta Punttuka (Andoain) taldeen arteko bertso afaria.

Herriartekoak igandean, otsailaren 25ean, Errenterian jarraituko du. 19:00etan hasiko da saioa Xenpelar Etxean. Xenpelar (Orereta) eta Astigarraga taldeak ariko dira kantuan.

Gipuzkoako Herriartekoa 2017

Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa otsailaren hasieratik abiatuta maiatzaren 27ra arte egingo da. Egun horretan izango da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Herriartekoarekin Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da.

Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai jartzaile taldea, Epaile taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.

Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Lehen itzulian 38 bertso saio izango dira.

Herriartekoak lau fase izango ditu:

                -Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.

                -Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.

                -Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.

                -Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.