38 taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko txapelketan
Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren aurkezpena egin da gaur Azpeitiko Sanagustin kultur gunean. Bertan izan dira, Herriarteko hainbat parte hartzaile. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Mikel Artola eta Eneritz Artetxe, Herriarteko koordinatzaileek eman dituzte ekimenaren gaineko xehetasun guztiak.
Herriartekoarekin, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi dela, azaldu du Jauregik. Gainera, “parte hartzaile guztien txapelketa izango da; lehia baino gehiago, gozamena izango da ardatz. Guztiaren oinarria auzolana da”.
Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango dira. Antolatzaileak Herriartekoan parte hartuko duten 267 antolatzaile, gai-jartzaile, epaile eta bertsolariak dira. Horien sostengu izango dira Gipuzkoako Gai-jartzaile Taldea, Epaile Taldea eta Elkarteko lan talde teknikoa.
Guztira, 38 taldek eman dute izena. Talde bakoitzak gutxienez sei partaide behar ditu: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.
Herriartekoak lau fase izango ditu:
- Lehen fasea: otsailaren 3tik martxoaren 12ra. 38 taldeak 12 multzotan banatu dira. Hamar multzo hiru taldekoak dira eta, beste biak, laukoak. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera.
- Bigarren fasea: martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Aurreko fasetik sailkatu diren 12 taldeak lau multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik bat sailkatuko da finalaurrekoetarako.
- Finalaurrekoak: maiatzaren 6an eta maiatzaren 13an izango dira. Lehenengoa Alegian, eta, bigarrena, berriz, Bergaran.. Bakoitzean bi talde ariko dira lanean.
- Finala: maiatzaren 27an izango da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Lehiatik kanpo geratu arren,taldeak amaierara arte izango dira ekimenaren parte. Funtzio aldaketa baino ez dute izango.
Herriarteko irudia Mirari Sagarzazu artista oñatiarrak egina da. Sintonia, berriz, Legazpiko bertso eskolakoen ardura izan da: Joxe Arizkorretak eta John Dealer taldeko musikariek (Noel Calvo, Iñigo Caballero eta Iñaki Ormazabalek) egindakoa da; eurei laguntzen aritu dira Alex Calvo, Andoni Andueza eta Agurtzane Elustondo. Mikele Arizkorreta eta Noel Calvok abestu dute Asier Iriondok egindako letra. Grabazio lana Legazpiko Subeltza elkartean egina dago, Iker Otegi eta Iñaki Gurrutxagaren laguntzarekin.
Herriartekoaren jarraipena
Saioetara joan nahi duenak www.bertsozale.eus/gipuzkoakoherriartekoa atarian begiratu dezake agenda osoa. Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio: @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Facebookean. Twitterren #herriartekoa traola erabiliko da.
Lehen saioak hurrengo ostiralean izango dira Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen.
Bestalde, datozen asteetan jarriko dira salgai Alegian eta Bergaran egingo diren final aurrekoetarako sarrerak, baita Azpeitian egingo den finalekoak ere, www.bertsosarrerak.eus atarian.