Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Badator Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

2024/09/05
Irailaren 14ko lehen hitzorduaren aurretik, aurkezpen jaia egin dugu parte-hartzaile, babesle, eta eskualdeko bertso-eskoletako kideekin. 25 urtetik azpiko saria eta sintonia aurkeztu ditugu.

Uda hasieran aurkeztu genuen, eta irailean sartu berri, bertan dugu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Datorren larunbatean, irailaren 14an, izango da lehen saioa Urretxun. Horren aitzakian bildu gara Eskoriatzako Apotzaga auzoan, Almen bertso-eskolaren biltzeko tokian: txapelketako parte-hartzaileak, Debagoienako bertso-eskoletako haurrak, Almeneko kide gazte zein zaharrak eta txapelketaren babesleak izan gara bertan.

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eta Txapelketaren babesleen presentzia ere izan da ekitaldian: Lide Herrarte Laboral Kutxako Eskoriatzako bulegoko Zuzendaria, Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio sozialeko arduraduna eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria; hiruen babesletza eta konfiantza eskertu dugu.

Ez da ausazkoa izan lekuaren aukeraketa, bertan, esan bezala, biltzen baitziren Almeneko kideak. Eta bertso-eskola horren sorreraren 50. urteurrena da, hain zuzen ere, aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak omendu asmo duen mugarria, irudiz eta mezuz. Hain zuzen ere, bere hitzartzean, lekuaren aukeraketaren arrazoia azaldu du Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak: "Apotzagan elkartzeak aukera ona eskaintzen digu azken 50 urteotan bertso-eskolek izan duten garrantziaz pentsatzeko. Gaur egun ez dago bertso-eskolarik gabeko txapelketarik, ez da inor egongo txapelketara bertso-eskolatik pasa gabe joango denik".

Bertso-eskolen garrantzia aitortuz, duela 50 urte aitzindari izan zirenen lana eskertu du: "Guri zaletasun bat transmititu ziguten, hitzarekiko pasio bat, bertsoarekin gozatzen ikasi genuen". Zaletasunaz gain, talde izaera ere transmititzen dituzte bertso-eskolek, hori dio Artolak. Eta horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak izan nahi duen izaera.

Gazteak presente

Gaurko aurkezpenean eskualdeko bertso-eskoletako gaztetxoek presentzia izan dute: koordinatzailearen hitzartzearen ondotik, Denbagoieneko bertso-eskoletako haurrek koplak abestu dizkiete txapelketan parte hartuko duten bertsolariei.

Aurkezpenak bezala, txapelketak berak ere egin nahi dio aitortza belaunaldien arteko transmisioari, eta horixe da aurtengo azken berrikuntza: 25 urtetik beherako bertsolari onenari saria. Txapelketan parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 10 daude adin tarte horretan, eta horietako batek jasoko du saria, finalaren egunean, abenduaren 14an.

Saria aurkeztu ondoren eta mokadutxoaren aurretik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia ere aurkeztu dugu. Trigger musikariaren eskutik heldu da aurtengoa, doinu tradizionalak eta musika elektronikoa nahastuz.

Dena dago prest Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024 hasteko. Txapelketari buruzk oinformazio osoa webgune honetan eta gure sare sozialetan aurkituko duzue, eta sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Animatu eta saioetara etorri!