Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arantzazu Loidik jantziko dio txapela txapeldunari

2024/12/03
Patxi Goikoleak emango du 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria. Ikasle eta irakasle, lehen bertso-eskolako ordezkariak dira Loidi eta Goikolea.

Bertso mundua gertakari batek ardaztu du aurten: lehen haurren bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenak. Almeneko bertso-eskolaren urteurrenak txapelketa izan du eszenatoki nagusi, lehen bertso-eskola horri omenaldia egin nahi izan baitio txapelketak, eta ez da gutxiagorako izango finala. Arantzazu Loidi Almeneko bertso-eskolako ikasle izan zen, eta Patxi Goikolea izan zuen irakasle; biak izango dira oholtzan abenduaren 14an: txapeldunari txapela jantziko dio Loidik, eta 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria eman Goikoleak.

Arantzazu Loidi, Aretxabaletan jaioa, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da. Lehen haurren bertso-eskola hartako kide, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea.

1982an izan zen lehen plaza hori, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan, eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen.

Plaza uzteagatik, ordea, ez zen bertsolaritzatik urrundu: hamarkada luzez aritu zen gai jartzen eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak.

Lehen haziak hezten

Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Goikolea, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren.

Patxi Goikolea

Hirukote horrek emandako pausoa aitzindari izan zen, proiektua hartu eta lurralde osoko ikastoletara zabaldu baitzuen Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak, gaur egungo Bertsozale Elkartearen hezkuntza arautuko programaren lehen pausoa.

Goikoleak, bere aldetik, epailetzan egin zuen ibilbidea Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketetan, epailetzako lehen irizpideak zehazten ere egin zuen lan. Gerora, gazte mailako zenbait sariketatan aritu da epaile, bere pasioa, belaunaldi berriekiko transmisioa, jarraituz.

Abenduaren 14an Donostiako oholtzan izango dira Loidi eta Goikolea, Goikolea eta Loidi: ikaslea eta irakaslea. Lehen bertso-eskola haren ordezkari, eta gerora sortu den Gipuzkoako bertso mugimenduaren lehen kimu.

Arantzazu Loidi eta Patxi Goikolea