Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Egunetan ari ziren Bertsozale Elkarteko langile eta borondatezkoak Illunbeko plazan dena prest jartzen. Gaurko 15:30ean ateak zabaldu, eta aulkiak betez joan dira bertsozaleak, 17:00etarako dena prest egon arte: antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak eta, nola ez, zortzi protagonistak: : Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristainek aurkeztu du saioa eta, sarrerakoa egin eta gero, gogoz txalotu dute bertsolarien sarrera Illunben batu diren 6.500 bertsozaleek.
Ariketaz ariketa osatu dute lehenengo atala Iker Iriarte Iribar gai-jartzailearen gidaritzapean, eta iritsi da buruz-burukorako tartea. “Buruz-burukora pasatuko diren bi bertsolariak, ordena alfabetikoan, Alaia Martin Etxebeste eta Beñat Gaztelumendi Arandia. Txaloak berriro.
Beste hiru ariketa eta zortzi epaileek ere bukatu dituzte lanak. Gaurkoan, lan horren ardura izan dutenak, hurrengoak izan dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Puntuazio guztiak batuta, Aratz Irazustabarrena Garmendia idazkariak oholtzaraino eraman du puntuazioen orria. Orduan bai, horrela esan du Ane Ezenarro Beristainek: 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna: Alaia Martin Etxebeste
Horrela geratu da sailkapena:
- Alaia Martin Etxebeste.............................1.099,5
- Beñat Gaztelumendi Arandia...................1.054,5
- Oihana Iguaran Barandiaran .........................637
- Ane Labaka Mayoz.........................................626
- Aner Peritz Manterola Euzkitze.....................617
- Nerea Elustondo Plazaola.............................590
- Andoni Rekondo Izagirre............................578,5
- Eneritz Artetxe Eizagirre.............................574,5
Bertso eskolak, oholtza gainean
Sari emate ekitaldian, Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak izan dira oholtza gainean, eta Unai Gaztelumendi Arandiak egindako irudi bana jaso dute bertsolariek. Sari gehiago ere izan dira: 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria Aner Peritz Manterola Euzkitzek jaso du, Patxi Goikolea Zabalaren eskutik: Larraitz Iparragirre Guenetxea artistak egindako obra bat.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean saria jaso du Beñat Gaztelumendik, Koldobika Jauregi Zinkunegiren obra bat, Ekaitz Elorriaga Anduaga zuzendaritza kidearen eskutik.
Eta azkenik, txapela: Arantzazu Loidi Garitanok jantzi dio Alaia Martini txapela. Goikolea zein Loidi, Almen bertso eskolaren izenean izan dira oholtza gainean, duela 50 urte sortutako bertso eskola haren ordezkari gisa.