Oiartzunen izango da bigarren finalaurrekoa, igandean
Arrasatekoaren ondoren, Oiartzunera iritsiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bigarren finalaurrekoa jokatuko da igandean, azaroaren 24an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Hurrengo seikotea ariko da bertsotan:
• Beñat Gaztelumendi Arandia
• Iñigo Mantzizidor Larrañaga
• Alaia Martin Etxebeste
• Amaia Iturriotz Etxaniz
• Asier Azpiroz Iztueta
• Ane Labaka Mayoz
Aurkezle lanak Inaxio Usarralde Arantzadik egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi eta Gorka Segurola Dorronsoro ariko dira.
Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.
Finalaurrekoetako saioetan bertsolariek egin beharreko lanak honakoak izango dira:
• Binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
• Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso
• Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
• Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira igandean bertan, 16:00etatik aurrera.