Urretxu-Zumarragan eta Errenterian hasiko dira asteburuan final laurdenak
Agin Laburu, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo dira larunbatean Urretxuko Ederrena pilotalekuan kantatuko duten sei bertsolariak. Itziar Etxezarretak aurkeztuko du 17:30ean hasiko den saioa. Bertan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den lehen finalaurrekorako.
Igandean Errenteriako Agustina Otaola reketista profesionala pilotalekuan (Fanderiako pilotalekua zena) izango da saioa. Bertan ere sei bertsolari igoko dira oholtzara: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor "Mantxi" eta Jon Martin. Final laurdeneko lehen sailkatua azaroaren 29an Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da zuzenean. Imanol Artola "Felix" izango da saioko aurkezlea.
Final laudenetako saioetan honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso.
- Binaka, rola emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
- Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 8 euroan eta gainerakoena 11 euroan. Saioetako egunean sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.
Finaleko sarrerak, salgai
Bestetik, gaurtik aurrera salgai daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak. Horiek ere internetez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean edo Gipuzkoako hainbat salmenta gunetan (zerrenda osoa hemen). Finaleko sarreren prezioa honakoa da: 10 euro gaztetxoentzat; 15 euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 20 euro gainerakoentzat.
Gogoan izan azkenean txapelketako finala abenduaren 19an jokatuko dela, eta ez 20an, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan.