Ilunbeko finalak amaiera emango dio abenduaren 19an maiatzean hasitako bideari
Gaurko aurkezpenean finalaren inguruko xehetasunak eman dituzte Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, eta Edurne Soraluzek, Elkarteko koordinatzaileak. Haiekin batera izan dira Ilunbeko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak.
Jauregik adierazi du abenduaren 19ko finala hitzordua inportantea dela, baina nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hori baino asko gehiago dela. “Urrun samar gelditzen da, baina maiatzaren zazpian Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapena fasea. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori hurrengo astean ikusiko dugun finalaren beste hari muturra da. Hari mutur luze, fin, baina sendo batekin lotuta daude”.
Horrez gain, Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarrak txapeldunari txapela jantziko diola jakinarazi du Gipuzkoako Bertsolari Elkarteko lehendakariak, “plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”.
FINALAREN EZAUGARRI NAGUSIAK
Parte-hartzaileak
- Zortzi bertsolari: Agin Laburu, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.
- Bi aurkezle: Saroi Jauregi eta Ion Zaldua.
- Sei epaile: Eneritz Azkue, Elisa Iztueta, Maite Sukia, Zigor Leunda, Bakarne Urreaga eta Mikel Lersundi.
- Hiru idazkari: Joxe Mari Altuna, Ane Errazkin eta Gorka Segurola.
- 100 lagun inguru egongo dira lanean, dena behar bezala atera dadin.
Egin beharreko lanak
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
- Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Buruz burukoa
- Binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte.
- Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso.
- Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Sarrerak
- www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.
- Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 15 euro. Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, eta gainerakoena 20 euroan.
Finalaren egunean
- Ilunbera iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen du antolakuntzak.
- Ilunbeko ateak 15:30ean zabalduko dira.
- Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10A ateak). Salmenta gunetan sarrera erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute.
- Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko aukera izango dute eta nahi duten lekuan esertzeko ere.
- Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatu ahal izateko (aparkalekua, aretoan kokapena…) aurrez joango direla abisatzea eskatzen da, gipuzkoa@bertsozale.eus helbidean.