Beñat Gaztelumendi txapeldun
Beñat Gaztelumendiri jantzi dio txapela Inaxi Etxabek 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 1012 puntu lortu ditu Gaztelumendik, buruz burukoan Alaia Martinekin kantuan aritu eta gero.
Oihana Iguaran, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Alaia Martin eta Jon Maia aritu dira Donostiako Ilunben, Saroi Jauregiren gidaritzapean. Zortzi bertsolariek kartzelarekin amaitu dute egin beharreko ariketa sorta eta hortik buruz burukorako sailkatu dira Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. 1012 punturekin, Gaztelumendi da Gipuzkoako txapeldun berria.
BERTSOLARIA | PUNTUAZIOA |
Beñat Gaztelumendi Arandia |
1012 |
Alaia Martin Etxebeste |
993 |
Agin Laburu Rezola |
614,5 |
Iñaki Apalategi Astigarraga |
603,5 |
Unai Agirre Goia |
595,5 |
Oihana Iguaran Barandiaran |
594 |
Jon Maia Soria | 586 |
Arkaitz Oiartzabal Agirre "Xamoa" | 571,5 |
Inaxi Etxabe oikiarrak jarri dio txapela Gaztelumendiri. Plazetan tokia izan ez duten emakumeak ordezkatu ditu Etxabek. Txapela jartzeko momentua bertsoa botatzeko ere baliatu du, txapeldunak agurra bota aurretik.
7.200 lagun inguru hurbildu dira Ilunbera. Beste hainbatek ere www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus –etik jarraitzeko aukera izan dute sarean zuzenean, eta baita telebistan ere, ETB 4 katean.
Bihar, Hitzetik Hortzera berezia eskainiko du ETB 1ek. Txapeldunaren hitzak jaso ditu telebista saioak eta saioko bertsoaldiekin batera izango dira entzungai bihar 15:00etatik aurrera.
Talde antolatzailearen izenean, eskerrak eman nahi zaizkie bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, babesle, laguntzaile eta saioak hartu dituzten tokian tokiko udalei eta bertso-eskolei.
Txapeldunaren agurra:
Mila esker Iker Alustizari
Esoain ta Sukiari
Eizagirretar bixkiei eta
Hernaniko kuadrillari.
Ume beldurti hau jartzearren
erratz batetik kantari
zuek bezela bertso-eskoletan
ari da jende ugari.
Konpromisoa eta jolasa
hitza direnez gauza bi
bertso-eskolaz bertso-eskola
belaunaldiz belaunaldi.
Hau zuentzat da zeratelako
ahots ematen ari
isilik egon behar zuela
esaten ziotenari.
:
.