Beasainen abiatuko da igandean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Eli Pagola eta Beñat Iguaran dira igandean Beasaingo Usurbe antzokiko oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Saioa 17:30ean hasiko da eta Itxiar Etxezarreta izango da aurkezlea.
Final zortzirenetako saioa da Beasaingoa eta bertan irabazten duen bertsolaria urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako sailkatuko da zuzenean. Gainerakoek fase osoko puntuazioen zain egon beharko dute.
Fase honetako gainerako saioetan bezala, honako lana egin beharko dute sei bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Egun berean, Beasaingo Usurbe antzokiko leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai sarrerak.
Osotara, final zortzirenetan sei saio jokatuko dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Beasaingoaren ondotik, Azpeitia, Lasarte-Oria, Elgoibar, Arrasate eta Andoainen izango dira fase honetako saioak. 36 bertsolari ariko dira final zortzirenetan eta horietatik hogeita hiru sailkatuko dira final laurdenetarako.