Jon Maiak irabazi du txapelketako lehen final zortzirena
Jon Maiak irabazi du Beasainen jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa. Gaur lortu duen lehen postuari esker, Maia zuzenean sailkatu da urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako, Alaia Martin eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin. Maiaren atzetik, Ane Labaka eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi" sailkatu dira.
BERTSOLARIA | PUNTUAZIOA |
Jon Maia Soria | 456,5 |
Ane Labaka Mayoz | 444 |
Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" | 427 |
Beñat Iguaran Amondarain | 420 |
Eli Pagola Apezetxea | 420 |
Haritz Mujika Lasa | 409 |
350 bertsozalek lepo bete Beasaingo Usurbe antzokia. Leihatila 16:00etan ireki da aurrez saldu gabe zeuden sarrerak saltzeko eta bost minututan guztiak amaitu dira.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida. Bi saio jokatuko dira; larunbatean Azpeitiako Soreasu antzokian Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabalekin.
Igandean, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da saioa, Aitor Irastortza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia bertsolariekin. Bata zein bestea, arratsaldeko 17:30ean hasiko dira.
Ohi bezala, bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.