Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Azpeitian eta Lasarte-Orian jokatuko dira asteburuko final zortzirenak

2015/09/23
Bi saio berri izango ditu asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Larunbatean, Soreasu antzokian izango da hitzordua eta igandean, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Final zortzirenetako bi saioak arratsaldeko 17:30ean hasiko dira. Ohi bezala, sarrerak aurrez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal dira larunbateko final zortzirenean kantatuko duten bertsolariak. Iban Narbaizak aurkeztuko du Soreasu antzokian jokatuko den saioa. Azpeitian irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 1ean Ormaiztegin jokatuko den final laurdenetarako.

Lasarten abestuko dute bertsolariak

Igandean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxera ailegatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Aitor Irastortza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia. Lehen sailkatuak azaroaren 8an Eskoriatzan jokatuko den azken final-laurdeneterako txartela eskuratuko du. Imanol Artola "Felix" izango da saioko aurkezlea.

Azpeitian zein Lasarte-Orian honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Saioetako egunenan sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.

Azpeitiko saioko sei bertsolariak.