Zestoan eta Ormaiztegin jokatuko dira asteburuko final laurdenak
Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Jokin Uranga, Jon Maia, Manex Mujika eta Nahikari Gabilondo dira larunbateko final laurdenean kantatuko duten sei bertsolariak. Asier Iriondok aurkeztuko du pilotalekuan jokatuko den saioa. Zestoan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da abenduaren 6an Eibarren jokatuko den azken finalaurrekorako.
Igandean Ormaiztegiko Zubipe pilotalekura iritsiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Felix Zubia, Iñaki Apalategi, Maider Arregi eta Unai Gaztelumendi. Lehen sailkatuak azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratuko du. Agin Laburu, Urretxu-Zumarragako irabazlea, dagoeneko sailkatuta dago saio horretarako. Iker Iriarte izango da saioko aurkezlea.
Zestoan zein Ormaiztegin honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso.
- Binaka, rola emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
- Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Ostiral arte saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Saioetako egunean sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 8 euroan, eta gainerakoena 11 euroan.