Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

2024/04/08
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.

Udaberria bertsoz beteta zetorrela abisatu genuen, eta ez da gutxiagorako izan. Gipuzkoa Bertsotanen aurtengo edizioa apirilaren 25ean hasiko da eta ekainaren 2a artean 20 saio jokatuko dira, bi itzulitan. Albiste hau argitaratzearekin batera, saio guztietarako sarrerak salgai jarri ditugu bertsosarrerak.eus atarian.

Pasa diren bi hilabeteetan aurreratzen joan garen gisan, aurtengo edizioak berezitasun ugari dakartza. Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, 20 saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian 12 saio izango dira, ostegun eta ostiraletan; bigarrenean, aldiz, 8, larunbat eta igandeetan.

Baina bere egitura ez da berritasun bakarra, txapelketaren forma bera ere aldatu baita. Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan. Egin beharreko ariketak ikusteko, egin klik estekan.

Bertso-eskolak oinarri

Txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin ezinbestekoa da lehengaia egotea: bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle.

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu ditugu. Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak.

Honi lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso-eskolak erdigunean jartzen baitu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu.

Gipuzkoa Bertsotan hastear da. Txapelketaren jarraipena eta informazio osoa gure sare sozialetan eta webgunean aurkituko dituzue.

2019ko Gipuzkoa Bertsotaneko Mutrikuko saioa. Xenpelar Dokumentazio Zentroa