Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Busturialdeko "LauBuru" taldea izan da 2024ko Taldekoaren irabazlea

2024/05/27
Zapatu arratsaldean hiru finalaurreko jokatu ziren Arrigorriagan, eta saio bakoitzeko talde irabazlea sailkatu zen gaueko finalera. Finala "Zapatilapeko txikliek", "LauBuru" eta "Taket" taldeek jokatu zuten, eta "LauBuru" izan zen puntu gehien batu zituena, eta beraz, edizio honetako irabazlea.

Arrigorriaga bertsoz bete zen zapatu egun osoan. Taldekakoa eguerdi ostean hasi zen, eta Elizondo jatetxean egindako finaletik irten zen aurtengo talde irabazlea, Busturialdeko LauBuru taldea. Martxoan hasi zen Taldekakoaren 4. edizioa, eta 16 taldek hartu dute parte giro informalean jokatzen den sariketa honetan. 

Egun osoko jaia izan zen zapatukoa Arrigorriagan. Goizean eskolarteko txapelketen finalak jokatu ziren Arrigorriagako eskolan, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa gero. Eguerdian talde bazkaria, eta ondoren hasi ziren finalaurrekoak.

Bazkaria

Lehenengo finalaurrekoa eskolan bertan izan zen, Pirata bertso taldea, Troiako zaldia eta Zapatilapeko txikliek taldeen artean. Lehia estua izan bazen ere, Zapatilapeko txikleek lortu zuten finalerako txartela. 

1. finalaurrekoa

Eskolatik irten, eta Arrigorriagako kale eta plazak girotzeko gogoz jarraitu zuen taldeak EinGo txarangak lagunduta. 

Bigarren finalaurrekoan Zornotzako Bertso Oskola, herriko Estropozu taldea eta busturialdeko LauBuru taldeak aritu ziren. Azken honek lortu zuen finalera sailkatzea. 

2. finalaurrekoa

Azkenengo kanporaketan, Mungialdeko Taket taldea, Durangaldeko Durangalduek taldea eta Enkarterri, Ezkerraldea eta Meatzaldeko bertsolariak batzen dituen Far West taldea aritu ziren. Kasu honetan mungialdekoek lortu zuten sailkapena. 

3. finalaurrekoa

Finala, Elizondo jatetxean jokatu zen, beraz, Zapatilapeko txikliek, LauBuru eta Taket taldeen artean. Finaleko gai-jartzaileak Idoia Anzorandia eta Beñat Vidal izan ziren. Umoretik asko izan zuen finala gozatzeko aukera izan genuen.

Finala

Ikusi argazki galeria!