Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Barikuan hasiko da Bizkaiko Taldekakoa!

2024/03/12
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea du helburu nagusi Bizkaiko Taldekakoak. 2017an egin zen lehenengoz, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da; 16 taldek eman dute izena, eta kanporaketa fasearen ostean, 9 talde sailkatuko dira maiatzaren 25eko finalera.

Taldekakoaren bitartez oinarrian eragin gura da, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu gura dira. Horretarako, gune ludiko bat eskaini gura du Elkarteak. Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua.
Laugarren edizio honetan, aurrekoan egin zen antzera, kanporaketa fase bakarra egongo da. Kanporaketa fasean 8 zita izango ditugu. 8 egun horietan, orokorrean, bina saio jokatuko dituzte taldeek, eta egunean egindako lan osoa kontutan hartuta, kanporaketa bakoitzeko irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da.
Finalaurrekoak eta finala maiatzaren 25ean jokatuko dira, Arrigorriagan. Egun osoko jaia izango da, eskolarteko finalak ere egun horretan jokatuko baitira. Finalaren egunean, beraz, 9 talde batuko dira (8 kanporaketetako irabazleak gehi talde bat zozketaz). Finalaurrekoak jokatuko dira lehenego, 3 taldeko hiru saio, eta finalaurreko bakoitzeko irabazleek jokatuko dute finala.
Bizkaia osoko 16 talde arituko dira, beraz, lehian baina jai giroan, eta finalaren eguna, esan bezala, eskolarteko finalarekin batera jokatuko da maiatzaren 25an, Arrigorriagan. Helburua Bizkaiko bertsolaritzaren jaia egitea da, goizetik gauera gozatzeko eguna.
Gozatu Taldekakoaz!