Bizkaiko Taldekako Txapelketaren irabazlea Tronperrieta taldea izan da
Egun osoko jaia izan da gaurkoa Abadiñon. Eskolartekoarekin hasi da eguna, idatzizkoa lehenengo eta bat-batekoa gero. Egunari jarraipena bazkari herrikoiak eman dio eta 100 lagunetik gora batu dira bazkaltzeko Abadiñoko probalekuan bertan.
Arratsaldeko 17:00etan hasi da Bizkaiko Taldekako finala. Finalistak Iurreta eta Durangoko Tronperrieta, Abadiñoko Koipelustre´s eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak izan dira. Ondorengoak izan dira gaurkoan bertsotan jardun duten bertsolariak: Tronperrietako Ander Sarriugarte, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Gorka Pagonabarraga, Miotako bidelapurrak taldean Miren Amuriza, Iruri Altzerreka eta Gorka Lazkano, eta azkenik Koipelustre´s taldean Txaber Altube, Igor Galarza eta Aitor Bizkarra. Gaiak hiru taldeetako gai-jartzaileen artean prestatu dituzte, eta aurkezle beharra Amaia Ugaldek eta Ainhoa Urienek egin dute.
Herriko probalekua aterpe beroa izan da bertsozaleentzat eta giro bikainean egin da saioa. Publikoak zer esan handia izan du, gainera, hiru taldeetako epaileez gain zaleek ere bozkatu baitute. Taldeetako epaileak Erika Lagoma, Miriam Juaristi eta Jose Garaizabal izan dira.
Bizkaiko Taldekakoan, 21 taldek parte hartu dute, eta modu autogestionatuan antolatu dituzte txapelketa osoan zehar saioak. Zorionik beroenak parte hartzaile denei. Finalisten agurren aurretik, talde bakoitzeko ordezkari bat igo da oholtzara oroigarria jaso eta talde argazkia ateratzera.
Eskerrik asko hau posible egin duzuen babesle eta laguntzaile eta antolatzaile denei.