Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko txapeldunari
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizunez gain, egindako bideari ere aitortza egin nahi diogu. 40 urteko ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman eta beren beharra ikusarazteko erabakia hartu dugu, eta, horren erakusle, Begoña Iturriza Zabala aurtengo txapelketako txapel emaile izatea.
1983an sortu zen egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte legez ezagutzen duguna, Bizkaiko bertso-eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari, eta oso eskertuta gaude eurek egindako bideari.
Horien artean egon zen Iturriza bera ere. Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta berau berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso-eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen hogei urtez.
Baina bertso-eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere. 40 urte beranduago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 16an izango da Bilbon. Hantxe ikusiko dugu Begoña txapeldunari txapela jazten.