Finalistak, prest
Dena prest dago. Zortzi finalistak ere bai. Gaur goizean eskaini dute prentsaurrekoa Bilboko Bilbao Arenan, finala jokatuko den lekuan bertan. 17:00etan hasiko da finala.
Gaurkoan, finalisten alboan egon dira Xabier Amuriza, aurtengo txapeldunari txapela jantziko diona, eta Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria. Xehetasun guztiak eskaini dituzte bertan.
Finalistak gogotsu azaldu dira prentsaurrekoan. Hurrengoak dira 2016ko finalistak:
- Beñat Ugartetxea Ostolaza
- Etxahun Lekue Etxebarria
- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia
- Jone Uria Albizuri
- Miren Amuriza Plaza
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Onintza Enbeita Maguregi
- Xabat Galletebeitia Abaroa
Finalean Amaia Ugalde Begoña eta Maite Berriozabal Berrizbeitia ariko dira gai-jartzaile beharretan. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ander Txakartegi Basterretxea, Joseba Santxo Uriarte, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari lanetan Itxaro Juaristi Olaetxea eta Itziar Basterretxea Olarreaga arituko dira.
Talde teknikoei, esker ona
Gaurkoan, talde teknikoak eskertu gura izan ditu Asier Ibaibarriagak: "eskerrik asko beharrean aritu diren guztiei: bertsolariei, Talde Antolatzaileko kideei, Komunikazio Taldeko kideei, gai-jartzaile taldeari, epaile taldeari, bertso eskolei, eta borondatezko beharrean astez aste ibili diren guztiei. Baita ere, zelan ez, astero areto eta frontoiak bete dituzten bertsozale guztiei ere, eurak barik ezingo litzatekeelako Txapelketarik egin."
Xabier Amuriza Sarrionandiak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Horrela erabaki du Txapelketaren Talde Antolatzaileak. Aurten plazetatik erretiroa hartu du Xabierrek, baina, berak aitortu duen moduan, “bestelakoetatik ez”. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak omenaldi txiki hau egin gura izan dio Xabierri. “Hunkigarria izango da txapeldunari txapela jaztea”, esan du prentsaurrekoan.
Sarrerak
Finalerako sarrerak eskuratzeko bideak, hurrengoak dira:
- www.bertsosarrerak.eu orrian barikura arte
- Zapatuan bertan, txarteldegian, 14:00etatik aurrera