Zeanurin jokatuko da azken kanporaketa
Azaroaren 9an, domeka, jokatuko da #Josi-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketa Zeanurin. Ibarreta fontoian izango da saioa, 17:30ean.
Zeanuriko kanporaketa amaitzean jakingo da zeintzuk izango diren Txapelketako hiru finalaurrekoetan sailkatuko diren bertsolariak.
Zeanuriko kanporaketa jokatuko duten bertsolariak, hurrengoak izango dira:
- Ander Elortegi Garatea
- Beñat Vidal Gurrutxaga
- Igor Menika Bengoetxea
- Imanol Uria Albizuri
- Joseba Barandiaran Andueza
- Xabat Galletebeitia Abaroa
Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta besteak, puntuazioen arabera edukiko dute horretarako aukera.
Kantatuko duten bertsolarietatik, Igor Menika Arratiako txapeldun eta Imanol Uria Uribe Kostako txapeldun izateagatik zuzenean sailkatu ziren Bizkaiko Txapelketara. Beste laurek puntuazioz lortu zuten horretarako aukera.
Gai emaile beharretan Zuriñe Iarritu Azpitarte ariko da Zeanurin. Epaimahaia Ander Txakartegi Basterretxeak, Andoni Larrea Garai, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxeak, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxeak osatuko dute; idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga ariko da.