Urdulizen jokatuko da bigarren finalaurrekoa
Azaroaren 30ean, domeka, jokatuko da #Josi-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa Urdulizen. Iparralde kiroldegian izango da saioa, 17:30ean.
Urdulizko finalaurrekoa jokatuko duten bertsolariak, hurrengoak izango dira (biografiak izenen gainean klik eginda):
- Beñat Ugartetxea Ostolaza
- Etxahun Lekue Etxebarria
- Gorka Ostolaza Ikaran
- Julen Erezuma Arzanegi
- Onintza Enbeita Maguregi
- Xabat Galletebeitia Abaroa
Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 20an Miribillan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera, eta besteak, puntuazioen arabera edukiko dute horretarako aukera.
Kantatuko duten bertsolarietatik, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita 2012ko finalista izateagatik zuzenean egon dira finalaurrekoetarako fasera sailkatuta. Beraz, domekan hasiko da eurentzako Bizkaiko Txapelketa. Bestetik, Beñat Ugartetxea Galdakaoko saioa irabazita sailkatu da Urdulizko saiora, eta Gorka Ostolaza Mallabiko saioa irabazita. Xabat Galletebeitia eta Julen Erezuma puntuazioz sailkatu dira finalaurrekoetara.
Gai emaile beharretan Zuriñe Iarritu Azpitarte ariko da Urdulizen. Epaimahaian hurrengoak egongo dira: Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Joseba Santxo Uriarte eta Ander Txakartegi Basterretxeak; idazkari beharretan, Leire Markuerkiaga Olabe ariko da.
Urdulizko saioa jokatuko den lekutik oso gertu dauka geltoki bat Bilboko Metroak; ondo datorkienei metroz joateko gonbita luzatzen zaie.