Astelehenean hasiko da Bertsolari Gazteen XXXI. BBK Sariketa
Gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan XXXI. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Astelehenean, azaroaren 6an, izango da lehenengo kanporaketa Markina-Xemeinen, eta azaroaren 29an jokatuko da finala Bilbon. Aurkezpenean egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea eta Ander Elortegi bertsolaria. Eurek eman dituzte aurtengo sariketari buruzko xehetasun guztiak.
Txapelketaren egitura
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, hiruzpalauk kantatuko dute, bi multzotan:
- A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari
- B mailan: 19 urtetik 26 urtera arteko hiru bertsolari
Sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera. Aurtengo edizioa ere horrela izango da, baina berrikuntza nagusia taldeen osaketa bera da. Sariketako taldeak beti egon izan dira Bizkaiko eskualdeetan oinarrituta, eta aurten ere horrela izango da: aurten, ordea, eskualdeek bere horretan baino bertako bertsolarien harreman naturalek osatu dituzte taldeak.
Aurten ere, azken urteetan moduan, hiruzpalau bertsolariko hamabost taldek hartuko dute parte, eta beraz, 50 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.
Saioz saio, finalera arte
BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala.
Hurrengoa izango da egutegia:
Entzuleak ere, adin berekoak
Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke.
Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da azaroaren 29an, 18:00etan.
Denentzako saria
Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.
Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxoa ere bananduko da eta aurten, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere egongo da.