Finala: aintzat hartzeko oharrak
Abenduaren 18a gainean da, eta Iruñeko Nafarroa Arenan elkartuko gara Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jarraitzeko. Egun horretarako baliagarriak izango zaizkizun oharrak dituzu honakoak, eguneko plana errazteko eta azken momentuko ezustekoak saihesteko.
Mesedez, hartu tartea oharrok arretaz irakurtzeko; asko erraztuko digu finaleko eguna denoi!
Adi beharrizan bereziren bat edo Haur Txokoa zerbitzua baliatu behar duzuenok; kasu horretan lehenago jarri behar baita harremanetan antolakuntzarekin.
Halaber, Bertsozale Elkarteak autobuserako eta bazkarirako txartelak ere eskaintzen ditu, eta horiek ere lehenbailehen hartzeko gomendioa egiten dizugu (abenduaren 6an eta abenduaren 15ean amaituko da epea, hurrenez hurren).
Deskargatu hemen finalerako oharren gida
Nola iritsi Nafarroa Arenara?
Antolakuntzak jarritako autobusak edo garraio publikoa erabiltzea eskatu nahi dizugu Bertsozale Elkartetik. Ohar hau oso kontuan hartzea eskertuko dugu denok, pilaketak ekiditeko eta horrek eguneko martxa ez eragozteko.
Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusak
Finalera autobusez joateko autobusak antolatu ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Aizpurua Autobusak taldearekin lankidetzan.
- www.bertsosarrerak.eus atarian eros ditzakezu txartelak, abenduaren 6ra arte (egun hori barne). Txartelak 15 euro balio du.
- Sarrera erostean, zure abiapuntua zein den zehaztu beharko duzu; Euskal Herri osoko 65 herritatik abiatuko dira Iruñera autobusak.
www.bertsosarrerak.eus atarian eros ditzakezu autobuserako txartelak, abenduaren 6ra arte (egun hori barne)
- Bertsozale Elkarteak abenduaren 12an jakinaraziko du autobus bakoitzaren ibilbidea, geltokiak eta ordutegia, www.bertsozale.eus atarian eta zure posta elektronikoan jasoko duzun mezuan.
- Autobusak 09:00ak eta 10:00ak bitartean iritsiko dira Iruñera. Nafarroa Arena ondoan geldituko da autobusa, eta leku berean jasoko zaitu arratsaldeko saioa amaitzean. Beraz, gogoan hartu zure autobus zenbakia.
Garraio publikoa
- Iruñerriko autobus zerbitzu publikoko 1, 6, 9, 11 eta 16 lineek konektatzen dute Nafarroa Arena (edo inguruak) hiriko erdigunearekin zein beste auzoekin. Ordutegiak eta prezioak: www.infotuc.es.
Autoak
- Iruñera A15 autobidetik bazatoz, 83 edo 83B Irteerak baliatu beharko dituzu, eta antolakuntzaren seinaleak jarraitu.
- Nafarroa Arena inguruetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean zein Galaria merkatalgunean hainbat parking daude (ikusi beheko planoa). Antolakuntzak, lehentasunez, P5 eta P6 erabiltzeko gomendioa egiten dizu.
- Adi nabigatzaileekin! Zenbaitek lehenesten duten ibilbidea ez da aproposena, bide estuetatik bideratzen baitu eta arazoak sor baititzake errepidean. Honako ibilbidea jarraitzea gomendatzen dugu Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik. Errepidean bertan ere topatuko dituzu bidea erakusten duten seinaleak, egunerako apropos jarriak.
Ikusi planoa hemen.
Nafarroa Arenara sartzeko
Une oro jarraitu atean eta inguruan dauden antolakuntzako langileen jarraibideei.
Aretora ezingo da objektu puntadunik (tartean, aterki handirik), beirarik, latarik, alkoholik edota sua eragin dezakeen materialik sartu
- Entzule bakoitza dagokion eremura sartu beharko da, eta behin barruan, ezingo du eremu batetik bestera pasa.
- Eremu bakoitzak bere sarbide propioa du: harmailetarako A, B zein C ateak erabili beharko dira; pistarako, Pista1 eta Pista3 sarrerak; eta erreboterako, A sarrera.
- Eremu bakoitzeko eserlekuak ez dira zenbakituak.
- Sarrera erakusterakoan, eskumuturreko bat jantziko dizute antolakuntzako kideek. Aurrerantzean, hori izango da egun osoan zehar sarrera gisara erabiliko dena. Ez kendu, beraz.
- Aretora ezingo da objektu puntadunik (tartean, aterki handirik), beirarik, latarik, alkoholik edota sua eragin dezakeen materialik sartu. Objektu horiek ekartzekotan, eguerdirako behar dituzulako, Sadar estadioan jarriko den kontsignan gorde beharko dira. Estadioaren 24. atearen ondoan egongo da kontsigna, eta 08:00etatik 11:30era bitarte utzi ahalko dira gauzak, eta goizeko saioa amaitutakoan jaso. Arratsaldean ez da kontsigna zerbitzua izango.
- Aniztasun funtzionala duten pertsonek harmailaren eremutik segitu beharko dute saioa, eta C atea erabili beharko dute aretora sartzeko. Handik, antolakuntzako kideek lagunduko dituzte haien tokietara. Pertsona horien behar bereziei erantzuteko, finala baino lehen antolakuntzarekin harremanetan jartzea eskertuko genuke, txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Nafarroa Arenan
Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarri ditu lanen finaleko eguna ongi atera dadin. Langileak ongi identifikatuta egongo dira, eta bertsozaleak lagunduko dituzte saio hasieran, bitartean eta amaieran. Bertsozale Elkarteko langileen eta boluntarioen lantaldearen zeregina gauzak ahalik eta hobekien joatea da, mesedez lagundu diezaiegun lan horretan, haien argibideak segituz. Bertsozale asko gaude finalean, eta gauzak ez dira beti errazak, pazientzia eta errespetua eskatzen dizuegu.
- Aretoaren arkitekturak ez du pankarta edo antzekorik zintzilikatzea baimentzen, publikoaren ikusgarritasunean eragingo lukelako.
- Goizeko saioa amaituta, Nafarroa Arena hustu egingo da. Antolakuntza ez da entzuleak lekua gordetzeko utz ditzakeen objektu pertsonalen arduradun egingo.
Guneak
- Informazio gunea: A atearen ondoan egongo da. Edozein argibiderik behar baduzue, horra jo dezakezue.
- Puntu morea: Informazio gunean bertan, A atearen parean. Bertsolari Txapelketa Nagusia eraso matxistarik gabeko bertsoaren festa izatea nahi dugu, eta saioan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko atonduko dugu puntu morea.
- Tabernak: Solairu guztietan daude, bigarrenean salbu. Areto barruko tabernak irekita egongo dira saioan zehar.
- Komunak: Solairu guztietan daude.
- Haur Txokoa: -1 solairuan dago, pistako mailan. Kontuan izan handik ezingo dela saioa ikusi. Zerbitzu hau baliatzeko, ezinbestekoa izango da abenduaren 10a baino lehen izena ematea, txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidera idatzita.
- Postuak: 0 solairuan hainbat elkartek eta erakundek jarritako postuak egongo dira.
- Kontsigna: Nafarroa Arenara sartu ezin den objekturik ekartzekotan (ikus gorago agertzen den oharra), Sadar estadioan egongo da horiek uzteko kontsigna, estadioaren 24. atearen ondoan. 8:00etatik 11:30era utzi ahal izango dira objektuak, eta goizeko saioa amaitutakoan jaso, arratsaldean ez baita zerbitzurik eskainiko.
Eguerdian bazkariak
Lehen aipatu bezala, kontuan izan Nafarroa Arenara ezingo duzula edozer gauza sartu. Janaria bai, ogitartekoa edo kristalezko ontzian ez doan janaria; baina beirarik, labanik eta halakorik ez. Horiek, ekartzekotan, Sadarreko kontsignan utzi beharko dituzu, 08:00etatik 11:30era bitarte. Goizeko saioa amaitzen denean irekiko da berriz kontsigna, han utzitako gauzak hartzeko. Arratsaldean ez da kontsigna zerbitzurik izango.
Nafarroa Arenaren inguruetan, bazkaltzeko bi aukera eskainiko ditu Bertsozale Elkarteak:
www.bertsosarrerak.eus atarian duzu bazkari txartela erosteko aukera, abenduaren 15a baino lehen
- Sadar estadioan, etxetik eramandakoak estalpean jan ahal izateko aukera izango duzu. Estadioko taberna eta komunak erabilgarri izango dira, eta musika ere egongo da tarte horretan.
- NUPeko kirol instalazioetan, Zubillaga Catering enpresak menua eskainiko du, 24 euroan. www.bertsosarrerak.eus atarian duzu bazkari txartela erosteko aukera, abenduaren 15a baino lehen. Haragidun menua eta menu beganoa izango dituzu aukeran (adi txartela hartzerakoan bietako zein hartzen duzun), biak Euskal Herri osoko produktuekin osatuak. Hementxe duzu menua.
Saioa amaitutakoan
Eskertuko dugu zure ingurua ahalik eta txukunen uztea. Halaber, egin kasu antolakuntzako jarraibideei, jendea ahalik eta modu egokienean bideratzeko irteerara. Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusen kasuan, utzi zaituzten tokian egongo dira zain. Jende asko izango gara saiotik bueltan errepidean; pazientzia eta kontuz ibili, beraz!