Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Zozkatu ditugu lehiaketako irabazlearentzako sarrerak

2022/12/03
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako bi sarrera zozkatu ditugu aldizkariko lehiaketan erantzun zuzen gehien eman dituzuenon artean. Sarituen izena bakarrik ez, galdetegiaren erantzunak jakin nahi?

Saioz saio esku artean erabili dugu Bertsolari Txapelketa Nagusiko aldizkaria. Orri horietan zegoen proposatu genizuen lehiaketa eta batek baino gehiagok astindu dituzue 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko liburua zein bdb.bertsozale.eus ataria.

Erantzun gehienak zuzen eman dituzuenon artean egin dugu zozketa eta irabazlea Irati Iginitz Mutuberria izan da. Abenduaren 18an jokatuko den finalerako sarrera bi eskuratu dituzu. Zorionak eta gozatu, Irati!

Irabazleaz gain, buruhauste dezente eman dizkizueten galderen erantzunak dituzue hemen. Ea zenbat asmatu dituzuen!

 

1. MATEMATIKA: Zenbat bertso puntuagarri kantatu ziren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian?

Erantzuna: 1410 bertso puntuagarri.

2. GEOGRAFIA: Zein aretotan hasi zen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia?

Erantzuna: Baigorriko Ezker Paretan.

3. HISTORIA: Zein bertsolarik kantatu zuen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko goiza bukatzeko agurra?

Erantzuna: Unai Agirrek.

4. MUSIKA: 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian atera ziren 23 doinu berrietatik 22 bakarkako lanetan atera ziren, eta bakarra ofizioetan. Zein doinu?

Erantzuna: Oraindik hango oihartzun hots bat.

5. BAZEN BEHIN...: Zein aretotan kantatu zen Basarrik irabazi zuen lehen txapelketan?

Erantzuna: Poxpolin antzokian.

6. GIZARTE OHITURAK: Bertso Eskolen Eguna ospatu zen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio batekin kointzidituz. Zein herritan izan zen?

Erantzuna: Seguran.

7. BAZEN BEHIN...: Zein aretotan jokatu izan dira Txapelketa Nagusietako final gehien?

Erantzuna: Donostiako Belodromoan.

8. MATEMATIKA: 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian zehar, bi berdinketa gertatu ziren sailkapen orokorrari begiratuz gero. Nortzuk izan ziren kasu horietako bakoitzean berdinduta geratu ziren bertsolariak?

Erantzuna: Sailkapen orokorrari begiratuz gero hurrengoak izan ziren berdinketak: fiinal laurdenetan Mikel Artola eta Unai Gaztelumendi 620,00 punturekin; eta finalaurrekoetan Julio Soto eta Jon Martin 1339,5 punturekin.

 

9. GEOGRAFIA:

"Baigorri, Segura, Leitza, Zalla
Zumaian hantxe zinen fin
Tolosa, Bastida, Irun, Maule,
Durangon ta Amurrion berdin"

Horrela hasten zen final aurretako agur bat. Non kantatua?

Erantzuna: Donibane Lohizunen.

10. HISTORIA: Zein finalaurrekotan kantatu zuen Amets Arzallusek 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian?

Erantzuna: Amets Arzallusek ez zuen finalaurrekoetan kantatu. 2013ko txapelduna zenez gero, zuzenean finalean aritu zen.

11. MUSIKA: Saio berean lau doinu berri kaleratu ziren 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Non?

Erantzuna: Leitzako saioan.