Zomorroa eta gu
Azkenean hasi da txapelketa. Irrika nabari da bertsozalearengan; urduritasuna ere bai, akaso. Denbora luzez zain egon da zaletua; bortz urte luzez. Baina iritsi da; hemen da. Tttak ttak ttakun… Bozgorailuak martxan, sintonia gure belarrietan. Bertsolariak oholtzara igo dira. Jertsea kendu, eseri, publikoari begiratu, ura edan, arnasa sakon hartu, eta aurrera. Hasi da txapelketa.
Guk aspaldi hasi genuen, ordea. Egin dezagun une batez atzera. Maiatzean elkartu ginen lehenengoz aurtengo gai-jartzaile taldea osatzen dugunok. Aurpegi zahar-berriak ikusi, eta urte erdiz elkarren bidelagun izanen ditugunen lehenengo keinu konplizeak bilatzen hasi ginen. Baita aurkitu ere. Gogoa nabari zen giroan, poza. Bortz urteren ondoren, hemen da txapelketa. Baina barruan denok bagenuen hasieran ezkutatzen saiatu ginen zerbait; zomorro txiki bat bueltaka. Ardura.
Etxerako lanekin bukatu genuen egun hartan bilera: gai poltsa osatzen hasi behar genuen. Eguneko edozein gertakariri gai itxura ematen hasi ginen; harri azpian ideiak bilatzen, onddoen gisan aurtengo emaria saski osoa betetzeko adina izanen ote zen ongi jakin gabe. Baina azkenean osatu genuen poltsatxoa. Eta horrekin batera, handitzen joan da zomorro txikia.
Udan bizpahiru aldiz elkartu gara, lehendik osatutako poltsari galbahea pasatzen hasteko. Behin filtroa pasatu, eta berriz ere irakurtzean, berriz filtroa pasatu. Eta berriz. "Gai honek agian eman dezake, baina formulazioan ez dut asmatu". Zaila izaten da talde osoak bat egitea. Batzuetan frustrazio puntu bat ere nabaritzen dugu, gogoz orraztu arren ilea, beti ez baitzaigu nahi bezala gelditzen. Geroago errepasatzeko poltsara. "Gogoratu puntu-erantzunak behar ditugula".
"Eguneko edozein gertakariri gai itxura ematen hasi ginen; harri azpian ideiak bilatzen, onddoen gisan aurtengo emaria saski osoa betetzeko adina izanen ote zen ongi jakin gabe"
Iritsi da iraila. Hemen da txapelketa. Lehen bi saioak lotuta ditugu; ala ez? "Ez zaizue iruditzen gai horretan argudio posible bat kentzen ari garela?". Berriz filtroa pasatu. Eta puntu-erantzunak ahantzi gabe: lau ordu luze, lehendik egindako puntu erantzunak errepasatzeko. Zurrunbiloa, urduritasuna, kezka, erantzukizuna. Ardura. Hemen da txapelketa.
Iritsi da eguna. Zomorroak pentsamendua jan nahi digu, baina oraingoan ilusioak gaina hartu dio. Goizean txakurrarekin mendira joan, lagunekin infusio bat hartu, txokolatez ase… eta denboraz abiatu gara bertso saioa izanen den herrira. "Ulertuko al dira gai guztiak? Balio al dute gaiek bertsolariek beren onena ateratzen laguntzeko?". Ingurukoen animo mezuek irriño bat marraztu dute gure ezpainetan. Iritsi da ordua.
Bertsolariekin elkartu bezain laster, haiek animatzen eta lasaitzen saiatzearekin batera, mentalki gaiak errepasatzen ari gara gaurko nire bidelaguna eta biok. "Bai, puntu-erantzun hau mundiala gelditu zaigu". Ttakun-ttakun… goazen oholtzara. Protokoloa irakurtzen hasterako, zomorroak gorputz osoa hartu digu. Badakit taldekide guztiok gauza bera sentitzen ari garela, nahiz eta ni egon oholtzan. Kolorez ongi markatu dugu abizenak ahoskatzerakoan non jarri behar dugun azentua. Zozketak erabakitako ordenan, ezkerretik eskuinera entzun ditugu hasierako agur guztiak.
Badoa lehenengo gai puntuagarria. Bi bertsolariek buruarekin baietz egin dute gaia entzun bezain laster. Ongi. Ulertu dute. Bigarren bertsoak ihes egin dio bertsolariari; agian zailegia zen jarri diogun rola. Sufritzen ari dela dirudi. Zomorroak itzala ere jan digu dagoeneko. Hirugarrenarekin salbatu du ofizioa; eskerrak.
Gogoan dut bigarren puntu-erantzunean errima argi abestu behar dudala, zalantzarik egon ez dadin. Nahita nabarmendu dut bukaera. Oholtzaren azpitik gai-jartzaile taldeko kideen irribarretxoa sumatu dut. Konplizitatea. Eskertzen da.
Azken gai honi filtroa zortzi aldiz pasatu genion, gutxienez. Gai luzea da, baina ona. Bertsolariek bazuten nondik jo, eta aurrez pentsatu genituen bide posible batzuk arakatu dituzte gainera. Zer nolako plazera!
Bukatu da saioa. Puntuazioak ematea falta da. Bertsolariei begiratu diet; urduri daude. Ni ere bai, baina ez dadila nabaritu, arren. "Ongi entrenatu dituzu zenbakiak, lasai egon". Listo; bota ditut. Jendeak gogotik egin du txalo. Arnasa hartu dugu. Denok.
Oholtzatik jaitsi, eta feedbacka jasotzeko ordua da. Zorion hitzak, besarkadak eta hitz goxoak. Horiek dira nagusi. Baina bai, gairen batek ihes egin digu. Ustez zirrikitu guztiak zigilatu genituen arren, baten batean ez genituen aukera guztiak kontuan izan. Hanka-sartzeak ere onartu behar dira. Zomorroak txiki bilakatu gaitu. Gaur ez dugu lorik eginen.
Biharamuna heldu da; biharamun emozionala ere bai. Mezuak sakelako telefonoan: "Atzo ongi eh! Zorionak egindako lanarengatik; zoriondu talde osoa". Irribarre txikia atera zait. Egia da. Taldea ederra da, baita egindako lana ere. Zomorroak hor jarraitzen du, baina badakit denon artean aurre eginen diogula; elkarrekin gaudela.
Poltsa betetzen jarraitzeko tenorea iritsi da. Hau hasi bertzerik ez da egin.
Ttakun-ttakun-ttakun da…