Ze mundu posibleraino iritsiko dira ahots horiek
Azken urteotan, musika tradizionalari lotutako zenbait doinu eta estetika sortzen ari dira mainstream panoraman: Tanxugueiras muiñeira batekin Eurovisionetik pauso bakarrera geratu dira; Rozalenek penintsulako folklorea errepasatu du disko berrian; Rosaliak flamenko poligoneroa egiten du eta jotak biral bihurtzen dira TikTok-en. Ziurgabetasun eta egonezinezko garaiok identitate berri baten bilaketa sustatzen dute. Eta horretarako musika eta kultura oro har, tresna ezin hobeak dira; barrura begiratzeko ez ezik, mundu garaikidean norbere burua birdefinitzeko ere bai. Hala ere, ez penintsulan, ezta beharbada Europa osoan ere, ez dago praktika folklorikorik, bertsolaritzak bere komunitateari ematen dion marko identitarioa bezain sendorik eragiten duenik.
Gradu amaierako lana ulertzen ez nuen hizkuntza batean zertzen den diziplina bati buruz zergatik ari nintzen egiten Eskozian galdetzen zidatenei, paregabeko zerbait zela erantzuten nien; eta harrigarria iruditzen zitzaidala, praktika tradizional bat nola bihur daitekeen hain fenomeno jendetsua, XXI. mende betean. Ondare immaterial honen salbaguardiaren edo zaintzaren metodoaren bila iritsi nintzen Bertsozale Elkartera; metodoaren eta metodoa bera beste kultura gutxituetara eredu esportagarri izateko aukeren bila. Ikerlanak, hein batean bertsolaritza-komunitateko kide ezberdinei egindako elkarrizketei esker egindakoa, agerian utzi zuen zainketen etikan oinarritutako sistema baten garapena zela ondare immaterial honen zaintza metodoaren alderdi indartsuenetako bat. Patrimonializazio prozesuak ezaugarritu ohi dituen logika estraktibistatik kanpo kokatzen da salbaguardia, eta alde batetik, nahi dugun gizartea sortzeko modu gisa ulertzen da; eta bestetik, bizi, mutatu eta nabarmentzen den organismo baten mantentze prozesu gisa konprenitzen da.
Abenduaren 18ko finalean, berriz ere egiaztatu ahal izan nuen zaintza-prozesu horren garapena, hari dagozkion faseekin: transmisio “beharraren onarpena” eta praktikaren gozamena; ezaugarri horiek dituen ekitaldi baten antolaketan “ardura hartzea”; bertaratze jendetsu, txalo eta emozio forman gertatuko “zainketen eskaintza eta harrera”. Bertsozaletasunaren prozeduretan datzan zaintza politika horretaz gain, Bertsozale Elkarteko kideek ikerketan zehar aipatu zizkidaten beste xede batzuk nola gauzatu ziren ere ikusi ahal izan nuen. Nik bezala finala itzulpen zoragarri baten bitartez jarraitu zutenentzat, behaketa ez parte hartzaileak nabarmenago egin zuen salbaguardiako helburuetako bat, hain zuzen ere, elkarrizketatuek ezinbestekotzat aurkeztu zidatena: loturak eta kolektibitateak sortzea. Nire atzerriko talaiatik, ukaezina zen azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean komunitate sentimendu baten presentzia bazela, bertsoaldietan barrena zenbait bertsotan sendotua eta gogoratua izan zena. Izan ere, Zizek berreskuratuz, bizitzeko modu bakanarengatik ezaugarritzen da komunitate bat, baina haren identifikazioa bere gozamenaren antolaketa moduan datza. Talde gorpuzte bat, Nafarroa Arenan nagusi diren afektibitate eta gozamenarekin agerikoa bihurtzen dena. Gorpuzte horrek, ondareak ongi izatean eduki dezakeen eraginaz ohartarazi beharko liguke; eta halaber, zeinen zentzuzkoa izango litzatekeen kontutan hartzea pertsonen bizitzen alderdi askoren hobekuntzarako.
Nire ikerketako elkarrizketetan gehien aipatu ziren alderdietako batzuk, bertsoen bidez transmititutako baloreak eta etorkizuneko gune alternatiboak sortzeko gaitasuna izan ziren. Abenduaren hemezortziko ariketa guztietan, bertaratutakoek erne eta jarrera kritikoz jarraitu zituzten gaurkotasunezko gaiak, bertsolariak zinezko “ikuskatzaile sozial” gisa ziharduten bitartean. Bertsolarien hitza, urte osoan gaindi ikerkuntza, transmisio eta sustapen sistemen bidez bereziki zaindua izan dena, "bertsolaritzaren balioetan" eta "bertsolaritzaren bidezko balioetan" oinarritutako etorkizun hobe baterako inbertsio gisa ageri dela dirudi ezbairik gabe. Laburbilduz, Bertsolari Txapelketa Nagusiko Final honek bere komunitateak ematen dion duintasun inbidiagarri eta iraunkortasun bermea erakutsi du beste urte batez. Nerea Ibarzabalen finaleko hasierako agurreko puntuak transkribatuz, ikusiko dugu «ahots hauek zein mundu posibleraino iristen diren».