"Xoriez mintzo": BTN22ko doinuen erabileraz zenbait datu eta gogoeta
Sarrera
Txapelketa bukatuta lasaitua hartu dugu Doinutegi Batzordeko kideok ere. Alde batetik, pena, ohartzerako amaitu zaigu-eta asteburuetako gozamena, eta txapelketak aurrera egin ahala apaldu egin delako taldekideon arteko doinu honi eta hari buruzko mezu-trukea; bestetik, ordea, sosegua, eginkizunak menderatuta izateak dakarren sentsazio gozoa.
2017ko txapelketan izan zen doinu berrien emanak ezustean harrapatu gintuen. Lanak izan genituen bertsolariek jarritako erritmoari eusteko, baina ondo etorri zitzaigun konturatzeko antolatuta eta taldean lan egin beharrean geundela egitekoa egoki gauzatuko bagenuen. Harrezkero talde-lanean ari gara, koordinatuta, kate-lanean, aldian behin bilerak eginez; bakoitzak badaki zer egin behar duen, badaki nork zer egin behar duen, eta horrela dena da errazagoa. Gainera, aurtengo txapelketan askoz doinu berri gutxiago plazaratu dira (7) aurreko txapelketarekin alderatuta (23). Lehenengo faseko joera ikusita— sei doinu berri atera zituzten—, bazirudien doinu berri ugari izango genituela, baina finalaurrekoetan eta finalean bertsolariek doinu ezagunak erabiltzeko edo zaharrak berritzeko hautua egin dute, eta, azkenean, guztira zazpi doinu berri bildu ditugu 2022ko Txapelketa Nagusian. Ekarpen horiek guztiak biltzen, sailkatzen eta aztertzen saiatuko gara artikulu honetan.
Horrekin batera, doinuok bertsolarien ahotan sorkuntzarako ema(te)n dituzten aukera edo dimentsio posible batzuei erreparatu nahi diegu labur. Doinu hautua bera esanguratsua da bertsogintzan (ikus Lujanbio 2017, esaterako) eta airea kantatutako hitzekin eta ahotsarekin nola uztartzen den ere kontuan hartu beharreko alorra delakoan gaude.
Doinutegi Batzordeak doinuen erabilera eta doinu berriak dokumentatzen azken urteetan egin duen lanarekin batera, doinu hautuaren esanguraz, bertsolarien kantaeraz eta ahotsaz, edo bertsozaleok horiek entzuteko ditugun moduez ikerketa-lan, gogoeta eta saio ugari egin dira. Aipagarri dira, besteak beste, bertsolarien kantaeraz musikologiatik (Navarro 2018) eta musikaren —kantuaren— pedagogiatik (Soroa 2020) eginiko lanak; genero-ikuspegitik abiatuta doinu hautuez, kantaeraz eta ahotsaz zein horiek entzuteko moduez gauzatutako gogoeta eta ikerketak (Labaka 2019: 219-220, Alberdi 2019: 23-27 edo Hernández 2019, besteak beste); edo bertsogintzaren (a)hotsezko alderdi horiei erreparatuz …Gerturatu eta lau zikloaren baitan antolatutako ‘Gauzkaten eztarri lerratuak’ saio esperimentala1, kantaeraz egun bertsogintzan dauden kanonak zalantzan jarri eta hausnartzeko asmoz egina.
Datozen lerroetan, beraz, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian erabilitako doinuen kokapen orokorra egingo dugu zenbakitan, lehenik. Doinu berriak izango ditugu aipagai gero, zahar berrituez aritzeko jarraian. Bukatzeko, doinu eta kantaerak bertsolarien sormenean eta entzuleon hautematean uki ditzaketen alor batzuez arituko gara.
Doinuak zenbakitan
Atzera begira jarrita, 1967ko txapelketan 20 doinu erabili zituzten guztira; 1980an, aldiz, 38 eta 1982an 73. Erabilitako doinu-kopuruak nabarmen egin zuen gora 1986ko txapelketan: 136; 1989an jo zuen goia, 156 doinurekin. Aipatu behar da 80ko eta 90eko hamarkadetako txapelketetan sari bat ematen zitzaiola doinu gehien erabiltzen zuen bertsolariari lehenbizi, eta, gerora, doinu berri gehien ekartzen zituenari. Horrek ere izango zuen, noski, eragina gorako joera horretan. Hurrengo txapelketetan doinu gutxiago erabili ziren: 1993an 109, 1997an 105, 2001ean 103, 2005ean 110, 2009an 105, 2013an 118 eta 2017an 161. 2022ko Txapelketa Nagusian, berriz, orotara 151 doinu erabili dituzte.
Doinu guztietan ez da berdin pentsatzen, doinu guztiak ez dira berdin sartzen bertsozaleen belarrietatik, eta, zalantzarik gabe, eragina izaten dute sortzen eta komunikatzen den testuan, komunikatu nahi den mezuan. Bertsogintzarekin batera aldatuz doaz doinuak ere. Duela hamarkada batzuk atertu gabe entzuten ziren zenbait — Txoriak eta txoriburuak, Nafarroako mendi gainetan, Santa Barbara zure bizitza…— ia erabat desagertu dira plazatik. Badira, ordea, beste batzuk txapelketa joan txapelketa etorri hor jarraitzen dutenak —Kantatzera nijoa, Nire senarrarekin I, Dama gazte xarmant bat…—; bertsolarien sormen-mekanismoetara ondo egokitzen diren seinale, bai eta bertsozaleen belarrietara ere.
2022ko Txapelketa Nagusian hauek izan dira doinurik erabilienak agurretan eta ariketaz ariketa:
- Agurrak: Baserrian jaio nintzan (9), Mundu honetan holako gauzak (8), ETAren su etenetik (7), Izarren hautsa egun batean (6), Nehoiz ez da senditzen (6).
- Zortziko handia: Beti penetan beti penetan (9 aldiz), Beste bateko inularretan (6), Menditarra naiz eta gogoan (5), Oraindik hango oihartzun hots bat (5) eta Kintak jarrita ondorenian (4). Azken hiru doinu horiek 2017ko txapelketan berreskuratu zituzten, eta txapelketa honetan sarritan entzun ditugu.
- Zortziko txikia: Gizona da zoroa (11), Orioko balearena (9), Kantatzera nijoa (7), Nere senarrarekin (7) eta Dama gazte xarmant bat (4). Gizona da zoroa doinua 2017ko txapelketan Julio Sotok erabili zuen Leitzako saioan agurra kantatzeko, eta harrezkero, bai txapelketa hartan bai plazetan bai aurtengo txapelketan maiz askotan baliatu dute.
- Hamarreko txikia: Hamalau heriotzena (7), Zer da gaur Donostian (5), Lagundurikan danoi I (4), Lagundurikan danoi II (4), Antton eta Maria (3). Hamarreko txikian ia beti doinu berberak ibiltzen dira joan-etorrian, baina txapelketa honetan agertu dira beste batzuk ere (Gizakiak harri bat eta Seme ezarri bainauk)
- Puntutan: Mendiko umea naiz (5), Ezagutu zuenak (3), Lurralde dena dabil (2), Igaran egun batez (1), Mando batean gainean I (1).
- Seiko motza: Aresoarren bandera (10), Dozena bat bertso berri (6)
- Bakarka: Goizean altxatu eta (7), Larogeita hamar urte (6), Norbere mundu intimo (6), Beste bateko inularretan (5), ETAren su-etenetik (4), Izarren hautsa egun batean (4). Miren Amurizak 2016ko Bizkaiko Txapelketaren finalean plazaratu zuen doinua erabili da gehien.
Doinu berriak
Sarreran adierazi bezala, zazpi doinu berri plazaratu dituzte aurtengo txapelketan, eta horietatik hiru agurretan soilik erabili dituzte, doinu bat agurrean zein ganbarako lanetan, eta gainerako hirurak ganbarako lanean soilik. Jatorriaren arabera, bi multzotan sailkatu ditugu doinu berri hauek guztiak:
1.- Musikari batek bertsolariarentzat berariaz sortutako doinuak.
- Nire barrua ze emozio. Nerea Urbizu musikari lekunberriarrak Julio Sotorentzat sortutako doinua. Gotaine-Irabarneko kanporaketa-saioan atera zuen ganbarako lana gauzatzeko. Neurriz hamaseiko handia da, eta izaeraz sentimenduzko doinuen sailean sartzeko modukoa.
- Neure burua landu dut. Gorka Urbizuk egindako doinua, Baionako finalaurrekoan erabili zuen lehenengo aldiz Julio Sotok ganbarako lanean. Neurri berdineko doinua da: hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz.
2.- Kantari edo musika talderen baten doinua, bertsolariak moldatua edo egokitua
Kantari baten doinua hartu, moldatu eta bertsotara ekartzea ez da joera berria. Doinutegian era horretara sortutako doinuen hainbat adibide dauzkagu, gure kantu tradizional asko bertso neurrikoak dira eta. Joera berriagoa da, ordea, kantari erdaldunen doinuak ekartzea. Azken bi hamarkadetan hala sortutako doinu ugari entzun ditugu bertsolarien ahotan, eta horietako batzuk plazan dabiltza oraindik: Gure herri ttiki hau da, Azken tragotxo hori hartu, Geldirik ezin naizela egon… . 2017ko txapelketan sail honetan zazpi doinu bildu genituen, eta 2022koan hiru izan dira:
- Irrintziekin esnatzen dira. Maurizia eta Leonen Artolak deuko kantuan oinarrituta Miren Amurizak berak moldatutako doinua. Hamabiko handiko neurrian erabili zuen Arrasaten hasierako agurra kantatzeko.
- Larunbat gauean hamar. Zea Mays taldearen Negua joan da ta kantu ezaguna moldatu zuen Miren Amurizak, eta ganbarako lanean erabili zuen. Azken urteetan plazaratu diren doinu berri gehienen joerari jarraitzen dio, neurri berdinekoa baita: hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz.
- Hor bide eguzkitsu bat/ Xorieri mintzo zen. Mixel Labegerie kantari lapurtarraren doinua moldatu eta Gotaine-Irabarnen plazaratu zuen Oihana Iguaranek, hasierako agurrean. Ondoren, ganbarako lanetan erabili zuen Gotaine-Irabarnen bertan, Donibane Garazin eta Amurrion. Neurri berdineko doinua da —hamahiruko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz—, amaieran errepika bihurria bezain jostaria duena, eta efektu polita egiten duena ondo josten asmatuz gero.
- Unian ikasten nabil. Luis Eduardo Aute kantari madrildarraren Al alba kantua moldatu eta bertsotara ekarri zuen Miren Artetxek, Gasteizko kanporaketa-saioan, ganbarako lanean. Hau ere berdinen sailekoa da: hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz
- Kaixo Elizondo. La Oreja de Van Gogh taldearen Jueves abestia egokitu zuen Iñaki Apalategik, eta doinu hori baliatu zuen Elizondoko finalaurrekoan hasierako agurra kantatzeko. Neurri bereziko doinua da; izan ere, hogeita bat lerro ditu, eta hogeita bat puntu ditu, guztiek baitute errima-oina, baina hainbat errima ditu.
Zaharrak berritzen
Doinu zaharrak berreskuratu eta plazara ekartzeko ahalegin handia egin zuten bertsolari zenbaitek 2017ko Txapelketa Nagusian. Horietako batzuk, ariketaz ariketako sailean aipatu bezala, berriro entzun ditugu txapelketa honetan, eta esan daiteke bolada batean behintzat entzuten jarraituko dugula.
Bestalde, azken txapelketetako joerari segituz, bakarkako lanetan ere erabili dituzte doinu zaharrak, luzatuta edo moldatuta. Eta, egia esan, doinu berriak lehenbiziko aldietan baino askoz errazago eta gozoago sartzen dira doinu zaharrak entzuleen belarrietan. Azken txapelketetan erabilitakoez gain — Beste bateko inularretan, Lurraren pean sar nindaiteke, Eguzkiak urtzen du han goian B…— , honako hauek atera dituzte plazara:
- Elizan sartu ziradenian A. Manex Agirrek erabili zuen, 14ko handira luzatuta, Gasteizko kanporaketan, ganbarako lanean. Garai batean erruz erabili zen doinua da, eta hainbat aldaera ditu.
- Haize hegoa gau epela I. Aitor Mendiluzek erabili zuen azken finalaurrekoan, Bilbon, ganbarako lanean. Izatez zortziko ertainekoa da doinu hau eta Mendiluzek hamalaukora luzatu zuen.
- Kantuz sortu naiz eta II. Amets Arzallusek erabili zuen Garaziko finalaurrekoan eta Iruñean, goizeko eta buruz buruko ganbarakoetan. Mikel Laboak egin zuen ezagun doinu hau, Jose Mendiage aldudarraren hamarreko txikiko bertsoak kantatuta. Amets Arzallusek hamalaukora luzatuta kantatu zuen, baina bai doinua eta bai neurria zertxobait moldatuta, lerro bakoitiak 8 silabakoak egin baitzituen.
- Loreak udan ihintza bezela I. Bilintxen bertsoz ezagutzen dugun doinu klasiko hau erabili zuen Maialen Lujanbiok buruz buruko ganbarako lanean. Zortziko handia da berez, eta hamalauko handira luzatu zuen, aurreko txapelketetan Beste bateko inularretan edo Lurraren pean sar nindaiteke doinuekin egin zuen antzera.
- Mando baten gainean I. Zortziko eta hamarreko txikiko bertsoak osatzeko erabili izan den doinu klasiko hau hamalauko txiki bihurtu zuen Lujanbiok txapeldunaren agurra kantatzeko.
Interesgarria ez ezik polita eta emankorra da doinu zaharrak berreskuratzeko eta itxuraberritzeko joera hau. Bertso-doinutegia den itsaso zabal horretan murgiltzea eta arrantzan aritzea abentura ederra da gero. Bada hor pieza ederrik, bere horretan, edo norberaren komenentziara moldatuta, plazara ekartzeko modukorik. Eta, ezer arrantzatu ezean ere, ez da denbora alferrik galdua izango.
Aukerak abiapuntu
Bertso batek hunkitzen, harritzen, barrez leherrarazten, urduritzen, pentsatzen jartzen… gaituenean asko dira hori eragin dezaketen faktoreak. Artikuluan ukitzen ari garen gaietara etorrita, esan genezake testuinguru jakinean kokatutako eragile-sare konplexu horretan bertsoaren soinuzko —ahots eta doinuzko— alderdiek sarri eragiten dutela bizipen horietan, oso modu desberdinetan izan badaiteke ere.
Horregatik, aurreko ataletan 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian erabilitako doinuen nondik norakoak aurkeztuta, doinuek eta, horiei ezinbestean loturik, askotariko hitz, ahots eta kantaerek bertsolarien sormenean eta entzuleon harreran duten eta izan dezaketen tokia mahai-gaineratu nahiko genuke, hautatutako hiru hari-muturren bidez: egiturak, konnotazioak eta estiloak.
1- Egiturak.
Doinuek bertso-neurri bat izan ohi dute hezurduran, oinarrizko antolakuntza ematen diena. Airea hemistikioen (bertso-lerroen) eta puntuen arabera antolatzen da normalean, bere eredu erritmiko eta melodikoak osagai metriko horien arabera egituratuz, besteak beste —gero besterik da doinu bakoitzak taldekatze hori markatzen duen (beti), bertsolariak kantatzean multzokatze metriko horiek gauzatzen ote dituen aldiro edo kantatzean aldaera melodiko zein erritmikoak egiten dituen kasuan kasuan, etab.—. Bertsoaren alderdi metrikoa da, beraz, doinua antolatzen duen osagaietako bat.
Horrekin batera, alderdi musikalak barne-antolaketa propioa ematen dio ezinbestean bertsoari, metrikatik harago, osagai txikienen —silaben— ezaugarritze eta taldekatzetik hasi eta doinuaren atal nagusiak, puntuak multzokatzen dituztenak, zehaztu arte. Bertsozaleok2 egituraketa hori identifikatu ohi dugu, gutxiago edo gehiago, ezagunak egiten zaizkigun doinuetan. Doinu bat entzun eta ezagutzen dugun unetik badakigu nola “funtzionatzen duen”, entzun ahala “zer datorren”... Ezagutza partekatu horrek askatasun handiagoa ematen dio bertsolariari entzuleekiko komunikazio-haria eten gabe ezarritako doinu-eredu nagusietatik aldentzeko: bertso-neurria markatzen duten etenak ez egitea erabakitzeko, eredu erritmiko eta melodikoetan aldaera nabarmenak egiteko, etab.
Doinu berriak plazaratzen direnean, bertsolaria ez da hasiera batean ezagutza partekatu horretatik abiatzen. Entzuleok ez dakigu, bertsoa aire horretan entzun ahala, nola “funtzionatzen duen”, “zer datorren”... Ez dugu doinuaren egitura metriko-musikala ezagutzen. Hala ere, bertsolaria kantari entzun ahala horri buruzko aurreiskuspenak egiten aritu ohi gara, modu kontziente edo inkontzientean. Bertsolari bat doinu berri batean abesten entzuten dugunean, batzuetan erraz jarraitzen dugu bertsoa eta, beste batzuetan, aldiz, kosta egiten zaigu (ikus, esaterako, Ekhi Erremundegik, Oihana Aranak, Josu Goikoetxeak eta Xan Alkhatek
Gakoetako bat izan daiteke, beharbada, doinuak egitura metrikoa musikalki —erritmo eta melodiaren bitartez— markatzen duenean eta bertsolariak, kantaeraren bitartez, egitura hori argi(ago) ematen duenean errazago ulertzen dela, berria edo ezezaguna izanagatik. Gakoak gako, entzule gisa garrantzitsua da onartzea berritasunak batzuetan ahalegina eskatzen duela, eta eskema metriko eta mentalak zabaltzeko prest behar dugula bertsozaleok ere.
Musika eta neurriaz aritu gara orain arte, baina horiek ezinbestean hizkuntzarekin uztarturik entzuten ditugu bertsoetan, ahotsaren bidez. Hizketak (ahoskatutako hizkuntzak) bere egiturak eta geruzak gehitzen dizkio bertsoari. Hitz lauz, hizketan ari garela, silabak taldekatzen ditugu modu jakinetan, isiluneak egin, intonazio eta lastertasun zehatz bat eman aldiro esaten dugunari, hitz edo esaldi batzuk nabarmendu… Bertsogintzan ere horixe egiten du bertsolariak kantuan ari dela. Doinuak aurrez eskaintzen dio hotsezko alor horren halako zirriborro osatugabea, bertsolariaren diskurtso, ahots eta kantaeraz zehazten dena azkenean.
2- Konnotazioak.
Doinuak hautemateko dugun erak horietako bakoitza emozio, adjektibo edota kontzeptu batzuekin lotzera garamatza, besteak beste (Patel 2008; Juslin eta Sloboda 2013). Doinutegiko sailkapenean, garai batean “doinu mota” zehazteko aukeretako batzuek ere hori uzten dute agerian: “tragikoa”, “kontakizunezkoa”, “amodiozkoa”, “irrizkoa”… gisa sailkatu izan baitira doinuak. Beste ideia asko gehi genitzake, norbere subjektibotasunaren eta doinuaren arabera. Hitz lauz “tonu” batean edo bestean aritu ez dira gauzak berdin esaten eta interpretatzen. Antzera gertatzen da bertsoetan, doinu eta kantaerekin. Seiko motzerako erabiltzen diren bi doinuak izan daitezke horren adibide argi. Gai bera Aresoarren bandera edo Dozena bat bertso berri doinuarekin kantatu, aski bertsoaldi desberdina sortuko litzateke seguruena eta, bertso berberak izanda ere, entzuleok zertxobait desberdin hautemango genituzke ziurrenik.
Doinu bakoitzari darion konnotazio horrek, “kutsu” horrek, aukera ematen du “funtzionatzen duten” ohiko bideekin batera askotariko konbinazioak eginez frogatzeko, jada hainbat bertsolari egiten ari den gisan. Horrela, doinu “alaia, bizia” umorea egiteko eta doinu “goibela, solemnea” diskurtso sakonagoetarako erabiltzeaz gain, umorea bestelako tonu “serioagoetan” egin daiteke, diskurtso sakon edo landuagoak “horren dramatikoa ez den” beste kutsu batez, etab.
3- Nork bere (eginez) doinua(k)
Azkenik, bertsolari bakoitza ezaugarri dezakeen osagai gisa aipatuko ditugu doinu hautua eta doinua kantatzeko modua. Eremu estilistiko-artistikoa eta identifikatiboa ukitzen dute bertsolarien doinu proposamen edo hautu pertsonalek. Txapelketa honetan bereziki nabarmentzekoa izan da akaso bertsolari zenbaitek doinu ohikoak “berenganatzeko” egindako lanketa: aldaera melodiko eta erritmiko txikiak egin dituzte —beste batzuetan baino gehiago izan ote den, aztergai—, euren ukitua emanez doinuei.
Izan ere, gai honetan ezin da kantaera aipatu gabe utzi, doinu bera oso desberdin kanta baitezakete bi bertsolarik, eta baita bertsolari berak ere, testuinguru desberdinetan — testuingurua zentzurik zabal eta anitzenean ulertuz—. Aldakortasun-ardatz bat aipatzearren, batzuetan —batzuek— modu erregularragoan kantatuko dute bertsoa, musikak eskaintzen dituen dimentsio erritmiko eta melodiko horietan sakonduz (ikus Soroaren artikulua5, esaterako). Beste batzuetan —beste batzuek—, berriz, hitz lauko adierazmoldeetatik gertuago kantatuko dute, hizketan erabili ohi ditugun hotsezko baliabideak azaleratuz neurri handiagoan. Bertsolari beraren bertso berean aurki daitezke bi joerak batzuetan, kontrastea bera ere baliabide baita. Azpimarratzekoa da osagai askok parte hartzen duten joera jarraitu eta aldakorrez ari garela hemen, continuum bateko bi muturrez; ez bi talde itxi eta dikotomikoz.
Orain arte aipatutako guztiei lotuta, berriro bertsozaleak aipatu beharrean gaude ezinbestean. Beste behin ere, entzule gisa egin behar dugun lanketa geratzen da agerian kantaerez eta ahotsez ari garela (ikus Jone M. Hernándezen artikulua, besteak beste). Sarri gertatzen da ahots eta kantaera jakin batzuk entzunda aurreiritzi eta estereotipo batzuk aktibatzen zaizkigula eta kokapen horretatik interpretatzen ditugula bertsolari horiek kantatuak (ikus Alberdi 2019, besteak beste). Horrela, koordenada horietatik kanpo izan ditzaketen bestelako ñabardurak ukatzen dizkiegu bertsolariei, beren bertsoaldiak oker interpretatzeko arriskua areagotzeaz gain.
Doinu berriak ezagun bilakatzean gertatzen den bezala, bertsolariak zenbat eta gehiago ezagutu euren alor sortzailean, zenbat eta gehiago entzun, orduan eta hobeto ulertu eta balioetsiko dugu bakoitzaren adierazmoldea, bakoitzaren kantaera eta ahotsa, eta bertsolariek askatasun handiagoz jardun ahalko dute entzuleokiko komunikazio-haria eten gabe.
Plazan jarraituko du(gu)
Txapelketa hau ez da, doinu berriei dagokienez, horren oparoa izan beharbada, baina akaso doinuen —eta kantaeren, ahotsen— erabileraren eta hautematearen gaineko kontzientzia gero eta handiagoa hartzen ari gara, pixkanaka. Plaza izan ohi da askotan gerora txapelketan islatzen diren gertakarien aitzindari. Bada hemendik aurrera ere plazan izan dezala jarraipena doinu, kantaera eta ahotsen emariak!
Erreferentziak
Alberdi, Uxue. (2019). Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak, Lisipe 5. Susa.
Juslin, Patrik eta John Sloboda. (2013). Music and emotion. In Diana Deutsch (arg.), The Psychology of Music (Third Edition). Elsevier Academic Press. 683-645.
Jone M. Hernándezen artikulua irakurtzeko: https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolari-txapelketa nagusia/albisteak/entzumenaren-iraultza (azken kontsulta: 2023-01-11).
Hernandez ́ , Jone M. (2019). Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean. In Miren Artetxe eta Ane Labaka (koord.), Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. UEU. 134-153.
Labaka, Ane. (2019). Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai, genero-ikuspegitik. In Miren Artetxe eta Ane Labaka (koord.), Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. UEU. 2013-225.
Lujanbio, Maialen. (2017). Zer da doinua, zer da kantaera bertsolariarentzat?, Bertsolarien kantaera eta sormena (Donostia, 2017-08-24). EHUren Uda Ikastaroak.
Navarro, Itziar. (2018). Transformations in the Bertsolaris' Singing Style in Oiartzun since the Mid 20th Century. Georg-August-Universität-en (Göttingen) aurkeztutako Master Amaierako Lana (argitaragabea).
Patel, Aniruddh. (2008). Music, language and the brain. Oxford University Press.
Soroa, Maddi. (2020). Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak. Musikenen aurkeztutako Ikasketa Amaierako Lana (argitaragabea).