Txapelketen historia da gure historia
Badator. Hemen da. Pandemia dela medio urtebete beranduago, eta hamarkada bat igaro den sentsazioak luzetsita, iritsi da, azkenean, asteburu honetan Getxon hasi eta abenduaren 18an Nafarroa Arenako finalera eramango gaituen Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Hilabete hauetan berriro entzungo da euskal kulturaren festa dela txapelketa. Komunitate txikiaren handitasunaren parte sentitzeko errituala aipatuko du batek, kultura popularrak masa kulturan surfeatzeko egiten duen ariketa harrigarria seinalatu besteak… Jada esanda eta idatzita dauden kontuak izanik, eta bizi dugun mundua, baita bertso-mundua ere, abaila bizian doanez, planteamendu hauek ajatzen hasita ote dauden errezeloaren aurrean, horixe egin nahi nuke atariko honetan: bertsogintzaz harago doan txapelketaren "beste" dimentsio horri erreparatu.
Bertsozale Elkarteak John Miles Foley aditu estatubatuarra gonbidatu zuen 2005eko finalera, eta bere bizipenaz honela idatzi zuen Oral Tradition aldizkarian: "Imajina ezazue 13.025 sarrera saltzen direla ahozko poesia emanaldi baterako. Imajina ezazue sei edo zazpi ordutako emanaldia tokiko telebistak zuzenean emana. Imajina ezazue egun osoko jaialdi bat (…) munduan parekorik ez duen etnizitatearen eta nortasun nazionalaren uztarketa gauzatuz". Artikuluaren amaieran ere ideia bera errepikatzen zuen: Unique in the word da bertsolaritzak euskal jendartean lortzen duen oihartzuna. Hau zioena ahozko kulturak mundu mailan izan duen aditu garrantzitsuena zela jakinda, bada kontutan hartzeko modukoa.
Amerikarra aho zabalik utzi zuten bertsolaritzaren oihartzun sozial eta mediatikoa, edo nortasun kolektiboarekiko lotura, beste inon parekorik ikusi ez ziena, ia bi mendetako garapen erabat ezohiko baten emaitza dira, eta garapen honen atzean euskal kulturgintzako hainbat belaunaldik korrontearen aurka eraikitako historia harrigarri bat soma daiteke.
XIX. mendean lehen euskal kulturgile modernoek euren kultura hauspotzeari ekin ziotenean, bere ertzekotasunaren karietara kultura idatzirik apenas zuen komunitate batekin egin zuten topo, eta herriak bizi zezakeen horri, ahozkotasunari, heldu behar izan zioten: Abbadiek bat-bateko lehiaketak sartu zituen 1850eko hamarraldian abiarazi zituen bere Lore Jokoetan, ingurukoetan lehiaketa idatzira mugatzen zirenean; Manterolaren kantutegiak bertsolari zahar guztien biografiak argitaratu zituen 1880ko hamarraldiko Lehen Euskal Pizkundearen baitan; edo Aitzolen kuadrillak, euskarazko olerkigintza modernoak irakurlerik ez zuela ikusi ondoren, 1930eko hamarraldiko txapelketak antolatzeari ekin zion… Idatzia etorkizunarekin eta ahozkotasuna atzerapenarekin lotzen ziren garai haietan, debeku eta mesprezu artean, bertsolaritzaren aldeko apustua egin zuten, kultura modernoan txertatu ahal zedin janzkera nahiz oihartzun berrituak emanaz. Plazatik frontoira eraman zuen Abbadiek, frontoitik antzokira ekarri Campion, Manterola eta enparauek, prentsaren bidez ez ezik irratiaren edo zinemaren bidez ere zabaldu Aitzolen kuadrillak…
"Garapen honen atzean euskal kulturgintzako hainbat belaunaldik korrontearen aurka eraikitako historia harrigarri bat soma daiteke"
Gerora kultura idatzi bat garatu ahal izan du euskararen komunitateak. Eskerrak. Baina bertsolaritzarekin tradizioa eta berritasuna uztartzeko apustu horri ez zaio inoiz bizkarrik eman. Garaian garaiko bertsolariek euren publikoekin konektatzen asmatu dutelako gertatu da hori, noski, baina baita lehen eragile haiek hautu hura egin zutenetik bertsolaria gure nortasun kolektiboaren ikur bat delako ere.
Bistakoa da txapelketa lehia deseroso bat dela bertsolarientzat. Joseba Zulaika antropologoak azaldu zuen ederki; bertsoa jolasa eta txapelketa jokoa dela seinalatu eta biak ezkontzean sortzen diren karrankak azpimarratuz. Esaterako, txapelketa formatuak gai-jartzailetza eta epailetza ekarri ditu, eta hauek beti izango dira eztabaidagai. Jada Abbadieren Jokoetan lehiaketa paralelo bat sortu zen kontu hauen inguruko liskarrengatik. Eta, txapelketen historiak bertsolaritzaren historian daukan pisuaren adierazgarri, Bertsozale Elkartea bera ere gisako eztabaida baten ondorioz jarri zen martxan. Bestalde, txapelketa formatuak bertsogintzari ere eragin dio, nola ez, eta tarteka bere onera ekartzeko antzokitik (edo erabilera anitzeko pabilioi ultramodernotik) plazara itzuli beharra ere aipatzen da, besteak beste.
Lehia deseroso honi gogotsu eutsi dio, hala ere, bertso munduak. Bertsozale Elkartearen proiektuaren ardatzetako bat da, aurretik proiektua garai ezberdinetako eragileen eskuetatik pasa den bakoitzean gertatu izan den bezala, bistakoa baita funtsezkoa suertatu dela bertsolaritza kulturaren eremuan emandako metamorfosi anitzetara egokitzeko.
Nafarroako erregeak oso atzean gelditu zaizkigu. Geroztik erregeen historiak ez dira gureak, gure historia, izatekotan, euskal kulturgintzaren historia da, biziraupen, egokitze eta garapen ariketa singular bat.
Hemen da, esan bezala, txapelketa. Goza dezagun bertsolarien aztikeria eta sorginkeriez, eta baita txapelketaren "beste" dimentsio horrekin ere, bere balioa eta meritua ditu eta.